argia.eus
INPRIMATU
Karrikiri: Nafarroan iazko maiatzetik ekainera 200 lagun kutsatu zituen COVIDaren aldaera
  • Larunbatean eman dute albistea: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan COVIDaren beste aldaera bat aurkitu zuten iazko maiatzean. Ez zen gehiegi zabaldu zorionez. Lehen kasua erregistratu zuten maiatzaren 19tik hasi eta ekainera 194 pertsona kutsatu ziren, Iruñerriko autoak konpontzeko tailer batean izandako kutsatzearen ondorioz. Ospitaleko langileek modu informalean Karrikiri izenez bataiatu zuten. Delta aldaeraren ondorioz, desagertu egin zen.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 07a

Ez zen gehiegi zabaldu eta ez zuen arrisku gehigarririk ekarri. Baina Nafarroan COVIDaren aldaera berri bat erregistratu zuten. Hala jaso du Journal of Clinical Microbiology aldizkari estatubatuarrak.

EiTBk eginiko bideo-erreportaje honetan kontatu dute nola detektatu zuten aldaera Nafarroako ospitale unibertsitarioko mikrobiologiako zientzialariek.

Leku horretan PCR probak positibo edo negatibo diren aztertzen dute, baita positiboen kasuan, zein ezaugarri dituzten aztertzen dute, aldaera identifikatzeko. TaqPath izeneko probaren bidez identifikatu zuten aldaera, ofizialki B.1.575.2 izenekoa.

"Txertoekiko erresistentziarekin lotzen den mutazioa da, horregatik zorrotz egin diogu jarraipena", adierazi du Mikrobiologiako buru Carmen Ezpeletak. "Hasieran urduri eta jakin-minez geunden. Ez genekien zer gertatuko zen aldaera horrekin", kontatu du Ezpeletak. "Egia esan, oso egoera bitxia da".

Azkar bukatu zela kontatu du, ikasturte amaierako bidaietan Kataluniako kostatik ekarritako Delta aldaera indartsu sartu baitzen Nafarroan. "Deltak beste aldaera guztiak suntsitu zituen", kontatu du Ezpeletak.

2021eko ekainaren amaieratik ez da karrikiri-ren berririk izan.