argia.eus
INPRIMATU
Karriketako plakak euskaraz ere jartzea “gure hizkuntza kalean ikusgai egiteko aurrerapauso handia izan da”
  • Sartagudako esperientziari jarraiki, zonalde ez euskaldunean kokatuta dagoen Lodosan ere gaztelania hutsean zeuden karriketako plakak bi eletan jartzea lortu du Lodosa Bizirik ekimenak. "Euskara bere lekua hartzen eta poliki-poliki bidea egiten" ari dela kontatu digu ekimeneko kide Maite Pellejerok.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 19a
Eskuinetik lehena da Maite Pellejero, plaka elebidun berrien aurkezpenean (argazkia: Lodosa Bizirik)

Duela urtebete Sartagudan herriko lekuen izendegia plaketan euskaraz ere agertzea lortu zutela ikusita, haien esperientziaz informatu eta Lodosara ekarri du proposamena Lodosa Bizirik-ek. Pasa den irailean aurkeztu zuten proiektua eta udalarekin bildu ziren, prozesuak eman beharreko urratsak azaltzeko –adibidez, Euskarabidean laguntza ekonomikoa eskatu zezakeela udalak, plakak bi eletan jartzeko–. Plenoan proiektua onartu zuten udaleko alderdiek, Navarra Sumaren kontrako botoarekin. Astelehen honetan, bi plaka jarri dituzte sinbolikoki, eta orain herriko gainerakoak ezarriko dituzte.

Kale eta plazen izenak euskaraz ofizialki nola diren ongi informatu eta katastroan ere hala jaso dadila izan da ekimenaren beste gako inportante bat. "Hemendik aurrera gure etxeen helbidea ez da soilik gaztelaniaz agertuko, bi hizkuntzetan baizik", dio Pellejerok.

Eremu ez euskaldunean kokatuta, bai administratiboki bai erabilerari lotuta euskarak Lodosan dituen zailtasunen aurrean lorpen garrantzitsua izan dela azaldu digu Maite Pellejerok: "Gure hizkuntza kalean ikustea gauza handia da, euskararen normalizazioan aurrerapausoa, haurrek ere ez dezaten sentitu euskara eskolan baino lantzen ez den zerbait dela".

"Helduok izan ez dugun aukera izan dezatela belaunaldi gazteek"

5.000 biztanle inguru dituen Lodosan gutxi egiten da euskaraz, dio ekimeneko kideak: hezkuntzaren aldetik bermatuta dago (ikastola, euskaltegia), eta aisialdian eta kulturan euskarazko eskaintza handitzea da orain gakoa. "Poliki-poliki ari da bidea egiten udala, konturatzen ari da ez duela zertan beldurrik izan, nahi duena joango dela euskarazko ekintzetara, eta nahi duena ez".

Euskara bere lekua hartzen ari dela eta belaunaldi berriei ateak zabaltzen ari zaizkiela azpimarratu digu: "Helduok ez dugu euskaraz aritzeko apenas aukerarik izan gurean, belaunaldi gazteei eskubide hori eta aukera hori zabaldu badiezaiekegu, ez da gutxi".