Pasa den ostiralean egin zuten bilkura Kanboko herriko kontseiluan, euskal izena duten bideak euskaraz idaztea defendatzeko, aurretik adostuta zegoen bezala. Gehiengoko hautetsiek erabakia aldatzeko asmoa agertu dute orain.
2022ko abenduan herriko kontzeiluak bozkatu zuen euskal izena duten bideak euskaraz idaztea, frantses gramatikaren arabera egin beharrean. Kazetak informatu duenez, joan den ostiralean Kanboko herriko kontseiluan ziren hautetsiek idazkeran frantsesturiko karrika eta bideen izenak berriz euskaratzeko eginiko hautua eztabaidatu dute.
Nahi Dugun Herria oposizioko taldeak herriko kontseiluaren bukaeran hitza hartu zuen, euskaratzeko erabakia defendatzeko. Peio Etxeleku oposizioko beste hautetsi baten hitzartzeak bilkuraren norantza erabat aldatu zuen. "Gehiengoko hautetsi batek, Roger Barbierrek, bere kontra-argudio irrazionalen berri eman digu, dudatu gabe 'terrorista' naizela leporatuz", esan zuen Etxelekuk. Ondorioz, bilkura bertan behera geratu zen eta karriken izendapenaren eztabaida argitu gabe gelditu da.