argia.eus
INPRIMATU
Karpa ikastetxeko patioan, pandemia garairako alternatiba
  • Zaldibiako herri eskolan egin zuten moduan, oraingoan Irungo sei ikastetxetan lortu dute karpa bana ezartzea, egun euritsuetan ere eskola kanpoaldea baliatu ahal izateko. Hiriko guraso elkarteen eskaera izan da, hezkuntza lau paretetatik ahalik eta gehien ateratzea baita pandemia garaian seguru aritzeko modua, ahots askok aldarrikatzen duenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 26a
Irungo Txingudi ikastola publikoa da karpa izango duen ikastetxeetako bat.

Ratioak jaisteko asmorik ez du agertu administrazioak eta 30 ikasle eta irakaslea gela berean ikustea ohiko irudi bilakatu da dagoeneko. Gela zenbatero, zenbat eta nola aireztatu, ez dago oso garbi. Hainbatek eskolak ahal den neurrian aire zabalean ematearen aldeko apustua egin du, Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatu bezala.

Bide horretan, ikastetxe ugari kexu dira administrazio gorenetatik ez direlako erraztasunak ematen ari eta tokian tokiko udalak ari dira erantzuten, kasu ugaritan. Hala gertatu da Irunen: egitura metalikoko estalkidun karpak ezarriko dituzte Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako sei ikastetxetan, alboetan itxiturarik ez dutenak. Guraso elkarteen aldarrikapena izan da. Hori bai, Irungo Udalak aurreratu du Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bilatuko duela, karpak finantzatzeko, hezkuntza haien eskumena da-eta.