argia.eus
INPRIMATU
Karobia martxan ikusteko aukera dago Larraulen
  • Azaroaren 18an piztu zuten Larraulen XVI. mendean erabiltzen zen erako karobia, harrizko ganga batean oinarritua. Azaroaren 28an egingo da karea ateratzeko festa.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko azaroaren 20a

Aiurrik jasotako bideo honek erakusten du Larraulgo Eskolako umeek karobia piztu zuten momentua, proiektu honen arima den Koldo Jauregik gidatuta.

 

1947an piztu zen azkenekoz Antzola baserriko karobia

Karobi sarreran jarri duten afixak kontatzen du Antzola baserriko karobia azkenekoz 1947ko neguan piztu zutela Juan Luis eta Donato Jauregi aita-semeen artean. Geroztik, bertako harriak baserriko bideak atontzeko erabili dira eta sasiak hartuta zegoen guztia.

Sarrerako estalpea berreginez ekin zioten jauregitarrek karobia berreskuratzeari. Horretarako, beste baserrietako egur zaharrak erabili dituzte.

Karobi inguruko Gorotzenburu basoan oraindik badira lehengo karobiaren jarduerak sortutako arrastoak: Lurreko zuloak, karobirako ateratako harriek sortuta. Karobi berritu honetako ganga egiteko, baso honetako harriak erabili dira.

Ganga egiteko kare-haitza eta arbela-harriaren nahasketa oso egokia da, tenperaturari eusten baitio. Gangak prozesuaren bukaeraraino zutik eutsi behar dio eta bere gainean 21 tona kare-haitz sostengatu. Ganga honek berak 10 tonako pisua du.

Harriak sutan

Sua pizteko, egur hauek erabiltzen ari dira: haritza, pagoa, lizarra, gaztaina, otea... lauzpabost egunean etenik gabe eutsiko diote suari bizirik, bi anaien artean eta ondoren beste 5 bat egunean eutsiko dio gangak egosketari. Argazkiko unean, 526 gradutan zeuden harriak, eta sua, 800 gradu inguan.

Karea zertarako?

Nekazaritzan ezinbestekoa da, edo zen behintzat: soroetan ongarri, aziendarentzat botika, baserriko paretentzat pintura eta desinfektatzaile, igeltseritzarako itsasgarri...

Azaroaren 28an karobian festatxoa

Larraulgo Kultur Astearen barruan, larunbatean 10:00etan karobira bisita egingo da, plazatik aterata. Orduan ikusiko da egindako lanaren emaitza. Koldo Jauregik argi utzi du erronka bat izan dela beretzat eraikitzen inoiz ikusi ez duen karobi mota hau altxatzea eta piztuta eustea. "Gangak eutsiko al dion, edo azken eguna baino lehen eroriko den", hori da bere zalantza nagusia. Larraulgo Ekomuseoaren ekimenez karobia egin izana bera eta prozesua bizitzea lorpena delako pozik da, ordea.