Emakumeen kontrako hainbat eraso egiteagatik aste honetan Sortuk kanporatu duen Donostiako militantea, Alde Zaharreko Jai Batzordetik eta Donostiako Piratetatik ere bota dutela adierazi dute eragileok. Bi jai guneotara sartzea debekatu diote. Eraso sexisten kontrako argazkia atera dute Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek.
Donostiako Piratek ostegun arratsaldean egindako bilera zabalean erabakitakoa jakinarazteko oharra argitaratu dute: Lehenik eta behin pertsona horrek erasotuak izan diren emakume guztiei babesa adierazi diete. Barne prozesu bat abiarazteko konpromisoa hartu dute, "halako erasorik edo bestelakorik berriz gerta ez daitezen neurriak hartzeko".
"Erasotzailea Donostiako Piraten mugimendutik eta gune guztietatik kanporatua izango da berehala. Beraz, ez da onartua izango mugimenduko partaide gisa eta ezingo du inola ere Piratek antolatutako ekimenetan parte hartu, ez aktiboki ezta pasiboki ere. Gure espazioak gune askeak izatea nahi dugu, pertsona guztiek sentitu behar dute eroso bertan, hori lortzeko lan egiten dugu eta horregatik azpimarratu nahi dugu honleko jarrerak ez ditugula inola ere onartuko".
Donostiako Piratek mugimenduko kideen artean deitutako bilera irekian 90 lagunetik gora bildu ziren ostegun arratsaldean.
Karmengo jai batzordeak ere azaldu du jai batzordeko kidea zenez pertsona hau, batzordetik bota eta jai gunera sartzea debekatu diotela, Irutxuloko hitza-k jaso duenez.
Donostiako Kaiko Karmengo jaiei hasiera ematearekin batera eraso sexisten kontrako argazkia atera dute “Ez hemen, ez inon, erasotzailerik ez” eta “Erasorik ez, erantzunik gabe” leloa zuten pankartekin. Emakumeak festan “aske” izan nahi dutela adierazi dute eta autodefentsa feministarako deia egin dute.