argia.eus
INPRIMATU
Karmelo Landa: “Kartzelara eraman nahi gaituzte, espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean”
  • Urriaren 26an manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, ezker ezker abertzaleko 80 militanteren aurka udazkenean abiatuko diren bi “makro-epaiketak” salatzeko. “Erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” leloak gidatuko du manifestazioa. Espainiar estatuaren jarrerak bake prozesua “trabatzen” duela adierazi dute auziperatuek Donostian egindako agerraldian.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 01
Guztira ia 200 euskal herritar daude auziperatuta haien militantzia politikoagatik (Argazkia: zuialde.wordpress.com)

Datorren urrian, guztira 80 auziperatu biltzen dituzten bi epai hasiko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak: Batetik, “hamaika urtez kajoian gordeta izan duten” 35/02 sumarioari dagokiona, “herriko tabernen auzia” izenarekin ezaguna; bestetik, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auziperatutako 40 gazteei eragiten diena.

Karmelo Landa bozeramailearen hitzetan, legea oinarri hartuta euskal herritar “gehiengoaren borondatea ukatzen du” Espainiako Gobernuak. “Herri honek ezin du onartu atzera begira proposamenik gabe dabiltzan gutxi batzuek gurean horrenbeste ilusio sortu duen konponbidea oztopatzea. Kartzelara eraman nahi gaituzte, gu eta beste asko, espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean”.

Landak adierazi duenez, Espainiako Gobernua “euskal gazteen aurka ari da behin eta berriz”, eta datorren astean Espainiako Auzitegi Gorenak Iruñerriko bost auziperatuen kondena baieztatu dezakeela gogorarazi du.