Karmele Jaiok idatzitako Amaren eskuak eleberrian (Elkar) oinarritutako filma egingo du Baleuko ekoiztetxeak. Gaur Andoainen egingo dituzte grabaketak egun osoan zehar. Martin Ugalde eta Aita Larramendi kaleetan izango dira, eta 40 bat lagunek osatutako taldeak hartuko du parte.
Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira grabaketak abuztu osoan. Besteak beste Donostian, Getarian, Hernanin, Gasteizen, Lekeition, Zumaian eta Irunen.
Karmele Jaioren liburua
Nerea izeneko emakumea da Karmele Jaioren eleberriko protagonista. 35-40 urte ditu, noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu.