argia.eus
INPRIMATU
Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’-k irabazi du euskarazko literaturako Euskadi Saria
  • Karmele Jaioren Aitaren etxea nobelak irabazi du aurtengo Euskadi Saria euskarazko literaturaren kategorian. Iñigo Astizen Joemak eta polasak nabarmendu du epaimahaiak euskarazko haur eta gazte literaturaren alorrean.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 07a
Karmele Jaio idazle gasteiztarra.

Pako Aristik, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek, Asier Serranok eta Katixa Agirrek osatutako epaimahaiak, Jaioren nobelaren “ausardia formala” azpimarratu du eta egileak “gizakion emozio eta kontraesanak adierazteko” duen trebezia ere nabarmendu du.

Bestalde, epaimahaiak beharrezkotzat jo du poesiak eta antzerkiak euren sari propioak edukitzea, narratibatik bereizita alegia, literatur-generoan arteko oreka zaintzeko.

Haur eta gazte literaturaren alorrean, Iñigo Astiz saritu dute Joemak eta polasak lanarengatik. Maite Mutuberria artistaren irudiekin batera egindako liburu horrek poesia haurrei modu original eta dibertigarrian helaraztea lortu du.

Miren Asiain ere saritu dute, lan literarioen ilustrazioen kategorian, Un millón de ostras en lo alto de la montaña liburuko lanarengatik.

Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.