argia.eus
INPRIMATU
Karmele Goñi etnografo eta euskaltzalea hil da
  • Pertsona nekaezintzat izan dute ezagutu zutenek Karmele Goñi (Tolosa, 1926). Asteazkenean hil zen Bilbon 91 urte zituela. Lan eta konpromiso handiko bizitza izan da berea, eta horrelaxe aitortu zioten, besteak beste, Gerediaga elkarteak, Sabino Arana Fundazioak edota Bilboko Udalak.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko ekainaren 08a
Karmele Goñi, Bilboko Udalak egin zion aitortza-ekitaldian (argazkia: Euskal Museoa).

Kontakizun eta usadioekin liluratuta, etxez etxe ohiturak biltzeari ekin zion Karmele Goñik gazte zela. Aurrerago Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari eta ikerlari lanetan jardun zuen Jose Migel Barandiaranen lantaldean.

Bilbora ezkontzean hiriko lehen ikastolaren sorreran parte hartu zuen. Egun Lauro ikastola den Resurreccion Maria Azkue ikastolaren hastapenetan. Ikasleei doktrina euskaraz emateko ere gogor jardun zuen lanean. Deia egunkariaren sortzaileetako bat ere izan zen. 

1980tik 1997ra Museo Etnografikoko zuzendaria izan zen, eta urte horietan euskal jantziei nahiz artisautzari buruzko ikerketak plazaratu zituen.  

2015ean Bilboko Udalaren 'Ilustre' aitortza jaso zuen. 

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.