argia.eus
INPRIMATU
Karmele Aranburu kazetari oriotarra hil da
  • Ekainaren 22an, ostegunez, hil zen kazetari oriotarra 65 urterekin, minbizi baten ondorioz. Herri Irratian egin zuen bere kazetari ibilbidea nagusiki, eta 1996 eta 2022ra arte EHUko Udako Ikastaroetako komunikazio arduraduna ere izan zen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 23a
Aranburu 'Euskonews'-en Mirentxu Purroyrekin batera egindako elkarrizketa batean. (Argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Gipuzkoarra izanda eta irratia entzuteko ohitura edukita, 50 urtetik gorako herritarrak samur ezagutuko luke Karmele Aranburu kazetariaren ahotsa; urteetan Herri Irratiko kazetaria eta albiste zerbitzuetako arduraduna izan zen.

Eguerdiko informatiboan jarduten zuen batez ere, 13:00etako saioan, eta haren ondoren sartzen zen kirol kontuekin Tito Irazusta La movida deportiva saioarekin. Azken honek katea utzi zuenean, berriki zendu den Iñaki de Mugikak hartu zion txanda. Goizetan aldiz, duela lau urte hil zen Mariano Ferrer kazetariak ekiten zion irratiaren jardunari El Kiosko de la Rosi-n.

Izen horiek guztiak oso ezagunak izan ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Gipuzkoako irratigintzan, eta Karmele Aranburu zen horietako bat. Hainbat elkarrizketetan aipatu zuen txikitatik izan nahi zuela kazetaria, bere amari ere hala adierazi ziola umetan, eta horretan jardun zuen bere bizitza osoa.

Nafarroako Unibertsitaten egin zituen kazetaritza ikasketak. Herri Irratian aritu zen 1977tik 2009raino, 1994 eta 2016 artean EHUko Udako Ikastaroetako Komunikazio zuzendaria izan zen eta 2010-2013 artean Euskadi Irratiko informatiboetako koordinatzailea, Alberto Surio EITBko zuzendaria izan zen garaian. El Mundo del Pais Vasco eta El Diario Vasco-n ere zutabegilea lanak egin zituen.