argia.eus
INPRIMATU
Karmele Aierbe Muxika euskaltzalea hil da
  • Ataunen 1951n jaioa, gaztetatik euskararen eta Euskal Herriaren aldeko militantzian engaiatu zen eta hainbat bider atxilotu eta torturatu zuten. HBko mahai nazionaleko kide ohia eta Euskal Herrian Euskarazeko koordinatzailea izan zen. Baita Ataungo San Gregorio ikastolako Segurako Laiotz herri eskolako irakasle ere.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15

16 urterako engaiatua zen euskaltzaletasunarekin: Beasainera gau eskoletara joaten hasi zen, euskara ezkutuan erabili beharreko hizkuntza zen garaian. "Bezperan Beasainen ikasten genuena Ataunen irakasten genuen hurrengo egunean. Gai gramatikalak ematen genituen, eta hitzaldiak antolatzen naziotasunari buruz; ekonomiarekin lotutako gaiak, Marxen eta Engelsen ideiak..." azaldu zion Gorka Berasategi kazetariari Berrian 2016an egindako elkarrizketan. Ikastolen sorrerako urteetan hasi zen irakasle eta irakasle erretiratu zen, eta Euskal Herrian Euskarazeko koordinatzaile egin zen 1988an.

Militantzia politikoari ere gazterik lotu zitzaion, 1970ean Burgosko prozesuarekin, epaiketaren kontrako bileretan eta manifestazioetan parte hartuz. Lekukotza hau eman zuen aipatutako Berriako elkarrizketan: "1974az geroztik, zazpi aldiz egon naiz atxilotuta, hiru aldiz egon naiz kartzelan, tortura larriak jasan izan ditut, bortxaketak... Gatazkaren ondorioak nire larruan bizi izan ditut, baina hori bizi izan dut bokazio handia dudalako herri hau aske ikusteko". Etxean ere ezagutu zuen gatazka politikoaren errepresioa: bere anaia Maximo 1977ko amnistiaren ondoren preso sartu zuten lehenetarikoa izan zen, eta beste anaia Inaxio, luze egon zen errefuxiatuta.

Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide ere izan zen, 1998an, aurreko Mahai Nazional osoa atxilotuta zegoen garaian.

Ataungo egungo alkateak honela zabaldu du berria sareetan:

Ikastolen sorreretatik, eta irakasle amaitu

70ko hamarkadan ikastolak sortu zirenean sortu zuten Ataunen ere. San Gregorio ikastolaren ardura hartu zuen Aierbek, 20 urteko gaztea zela. Titulurik ez zuen eta trebatzeko urtebete aritu zen lekuz aldatzekoa zen irakasle batekin lanean eta Bartzelonara ere joan zen garaiko pedagogia aurreratua ezagutzera. San Gregorion 11 urtez aritu zen irakasle, Gizarte Segurantzarik eta legezko egoerarik gabe.

Segurako Laiotz herri eskolan egin zituen bere lan ibilbideko azken urteak.

Euskal Herrian Euskarazeko koordinatzaile 1988tik

1988an EHEko nazio koordinatzaile kargua hartu zuen. Bideo honetan azaldu zuen EHEk bere historia, eta Aierbe mintzo da 36:36tik hasita, eta aurrerago 50:00ean hasita.

Koordinatzaile zela, EHEk euskal komunitatea trinkotzearen aldeko apustua egin zuen eta horrela sortu zen egungo UEMAren hazia, 1991n.

Azken urteetako omenaldiak

2019ko otsailean Ataunen omenaldi politikoa egin zion EH Bilduk eta Goierriko hautetsiekin batera nazio mailako ordezkariak ere izan ziren.

Ezker abertzaleko kide askok zabaldu dituzte mezuak sareetan. Hau Arnaldo Otegirena:

2021eko ekainean UEMAk omenaldia egin zion Billabonan, urteko batzar nagusian, euskararen alde egindako lana aitortuz.

Hona UEMAk sareetan zabaldu duen mezua: