argia.eus
INPRIMATU
Karidadeko Bentako Am...ona
  • Karidadeko Benta taldeak eraman zuen txapela Asteasu-Zizurkilera, baina Gipuzkoako bertsozaletasunak irabazi du Herriartekoa.

Mirari Martiarena Iraola @@MiraririMirari 2017ko maiatzaren 29a
Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

Otsailean hasitako bideak maiatzaren 27an izan zuen bukaera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Gipuzkoako Herriartekoan 38 taldek hartu dute parte eta 54 saio jokatu dira. 270 parte hartzaile bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak eta ordezkariak kontatuta. Gehitu horri otorduetan laguntzen aritu direnak, argazkiak edo grabazioak egin dituztenak eta bertsozaleak, badira batzu-batzuk.

Tolosaldeako bi talde finalean: Amasa-Villabonako Am...ona eta Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta. Unai Mendizabal, Joseba Otaegi eta Haritz Mujika bertsolariek eman zioten garaipena Karidadeko Bentari. Am…ona taldean berriz, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea aritu ziren kantuan.

“Herriartekoak asko izan du eta du oraindik jolasetik” esanez hasi zuen saioa Igotz Alkorta gai-jartzaileak. Hasierako agur jolastietan nabarmen geratu zen bertsolariek elkarren berri ongi aski zekitela eta ederki sartu zieten ziria elkarri. Bi taldeek Amaia Agirre bertsolaria ekarri nahi izan zuten gogora, euren bertso eskolako irakasle izana umetatik eta bertsolari-taldekide Am…onan.

Azkar berotu ziren Izarraitz pilotalekuko 13 koadroak, erremintako frontoia izaki, hitzak, puntuak eta errimak zorroztuta ekin zioten lanari sei bertsolariek. Txapelketako ohiko ariketekin hasieran eta plazetan ikusten ditugun ariketa bereziekin jarraian. Seguidillan aritu ziren Otaegi eta Goikoetxea jende artera jaitsita eta horrek publikoa ere urduri jarri zuen, eurei kantatuko ote zieten beldurrez. Gaia emanda atzekoei abesten ere jarri zituzten eta talde batek besteari erantzun behar izan zion. Eztarria freskatzeko botiletako urak ederki bukatuta iritsi zen kartzelako ariketa: kopletakoa. Umeak negarrez hasi eta saioa pilotaleku kanpoan erdizka entzun behar izan zuten gurasoen paperean jarrita.

 

Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

Karidadeko Bentak irabazi zuela iragarri zuen Gurutze Oiartzabal aurkezleak eta gustura txalotu zuen publikoak erabakia. Bertsolarien arteko besarkadetan ikusi zen denen txapela zela. Karidadeko Bentakoa, Am…onarena eta Harituz Tolosaldeako Bertsozale Taldearena. Argitzeko geratu zen ea Mendizabalen, Otaegiren eta Mujikaren bustorik jarriko ote duten Asteasu-Zizurkilen, baina Otañok eta Errotak badituzte ondorengoak. Herriartekoan parte hartu duten taldeetako ordezkariak ere igo ziren oholtzara. Guztiei egurrezko mikrofono bana oparitu zieten oroigarri gisa. Erratzaren aurrean kantatu beharrik ez da izango beraz, hemendik aurrera Gipuzkoako bertso eskoletan.