argia.eus
INPRIMATU
Kargurik gabe aske utzi dituzte Lurraren Altxamenduak sareko atxilotuak
  • Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko ekainaren 09a
Hormigoi ekoizle den Lafarge enpresa handiaren kontrako ekintza burutu zuten iazko abenduan. Ekimen horri lotuak ziren ekainaren 5eko atxiloketak. Argazkia: Lundimatin

Hormigoiaren eta zementuaren sektoreko Lafarge enpresaren aurka egindako ekintza baten harira atxiloturiko hamabost bat aktibistak aske utzi ditu Frantziako Poliziak. Ekainaren 5ean burutu zuen sarekada eta lau egunez galdekaturik egon dira, azkenean aske eta kontrol judizialik gabe utzita. Guziak aske utzi ditu Frantziako Poliziak, "lau egunez beren ideia antikapitalista eta ekologistei buruz galdekatu ondoren", Reporterre komunikabideak jakitera eman duenez. Atxilotuen hurbilekoek errandakoari segi, epailearen aurretik ere ez dira pasa.

Atxiloketen aurkako elkarretaratzeak Ostia kolektiboak antolatu ditu Euskal Herrian –bi euskal herritar ere baziren atxilotuetan, bata baionarra, bestea hendaiarra–. Lurraren Altxamenduak sareak "beldurra sarrarazteko" estrategiari lotzen du Poliziaren operazioa eta "desbideratze autoritario arriskutsua" azpimarratu du. Borroka ekologista erradikala eramaten dabil Lurraren Altxamendua, dela megabassine uraska erraldoiak, autobide eraikuntzak eta hormigoi-ekoizpenak salatuta.