Bideo-konferentzia bidez Deustuko polizia-etxetik deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, atzo goizean atxilotu zituzten.
Atzo goizean, ekainaren 23an, Lekeition atxilotutako bi gazteak karguekin aske utzi dituzte, Gedar langile kazetak aurreratu duen moduan.
Bideo-konferentzia bidez deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean, Deustuko polizia-etxetik konektaturik. Karguekin, baina momentuz biak aske uztea erabaki du epaileak. Auzia etorri bitartean, epaitegi batean sinatu beharko dute hamabost egunean behin. Gedar.eus-en irakur daitekenez, Patxi Ruiz preso politikoa gose greban zegoenean egindako ekintza bati lotuak dira atxiloketak. "ustez ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat" egozten diete.Atzo goizeko atxilotuak izan ostean gaua Deustuko polizia-etxean igaro dute.
Atxiloketak salatzeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo iluntzean Lekeition, "Atxilotuei klase elkartasuna" lelopean. Horrez gain, beste mobilizazio batzuk ere egin zituzten errepresioa salatzeko.