Kargua utzi ostean, soldataren %60aren pareko ordainsaria jasotzen dute Gipuzkoako diputatuek urtebetez. Foru Aldundiak ordainsari horiek kentzea proposatu du orain.
Ordainetan, karguan dauden bitartean diputatuek Gizarte Segurantzan kotizatuko lukete, ondoren langabezia kobratzeko.
Aipatu ordainsariaz gain, hileko soldata adinako beste sari bat ere jasotzen dute diputatuek.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak azaldu duenez, ordainsariak eta hileko kopuruak batuta, aurreko foru-taldeari zegozkion gastuak 577.000 eurokoak izan ziren.
Gizarte Segurantzan kotizatzen hasiko balira, 56.200 euroko kostua izango luke aurten Diputazioarentzat, eta 99.200 eurokoa datorren urtean.
Proposamenak Batzar Nagusien onespena behar du aurrera egiteko.