argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak
  • Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea debekatu du.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 03a
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilari ohia eta Oscar Rodriguez, 1894 Castejoneko presidentea, Castejonko Kultur Etxean Gamazadari buruzko hitzaldian. Castejon 1894

Nafarroaren Armarri "ez ofiziala" erabiltzen dutenek "Nafarroa erkidego bereizi gisa desagertzea nahi dutela" eta "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabiltzen dutela" esan du Guerrak, hala jaso du Naizek. Francisco Casanova ETAren atentatu batean hil zen 2000. urtean, Berriozarren.

Erabakia Castejon 1984 elkarteak herrian egindako hitzaldi baten harira hartu du. Alkateak hitzaldiaren iragarpena udaleko webgunetik kentzea erabaki zuen taldeak armarri ez ofiziala erabiltzen zuelako. Halaber, hemendik aurrera karbunkulu pomelatua edo beste edozein sinbolo "ez ofizial" erabiltzen duen edozein talderi betoa jarriko diola ere adierazi du.

Antolatzaileek karbunkulu pomelatua bere "esparru pribatuan zein beren lokaletan" erabili ahal dutela esan du Guerrak, "baina inoiz ez udal-ondarean, udalaren webgune batean edo kultur etxean (...) legeak araututakoaren eta Nafarroaren nortasunaren aurka egiten duen sinbologia politikoa" delako. "Onartezina" delako "Nafarroako foraltasuna eta bere statu quo propioa suntsitu nahi dutenek" erabiltzen dutenen armarria espazio publikoan izatea, Guerraren aburuz.

"Nafarroako Erresuma zaharra Espainiako Erresumaren parte da", eta "historikoki Euskal Autonomia Erkidegoko herriak Nafarroaren parte izan ziren, eta ez alderantziz", adierazi du alkateak. "Errealitate hori errespetatzen ez duenak, ez du udal eraikinetarako sarbiderik izango".