argia.eus
INPRIMATU
Karbonoaren merkatuak porrot egin du
Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 24a
Karbono dioxidoaren prezioa jaitsi egin da.

Honela funtzionatu izan du karbonoaren merkatuak: gobernuek enpresei eta industriei pizgarriak eskaini dizkiete, CO2a emititzeko eskubideari prezioa jarriz. "Karbono bonoak" sortu ziren, Kiotoko protokoloaren proposamenari jarraituz. Bono bakoitzak atmosferara CO2 tona bat isurtzeko eskubidea ordezkatzen du. Bonu horiek merkatuetan salerosten dira eta beraz euren prezioa eskariaren eta eskaintzaren menpe dago.

Zer gertatu da? Funtzionatzeko modu horrek karbono soberakin izugarriak ekarri dituela eta horrenbestez, bonuen prezioak hondoa jo duela.

Europar Batasuneko politika klimatikoaren helburu nagusia sektore industrial eta energetikoen karbono emisioa txikitzea da; eta karbonoaren merkatua politika honen erdigunean dago. Baina hain zuzen merkatuaren legeak dira ingurumen kutsadura gelditzeko estrategia hau porrotera eraman dutenak.

Enpresa askok izugarrizko mozkinak izan dituzte gobernuek egindako eskaintzekin, eta karbonoaren emisioa txikitzeko asmoz hasitako politika honek, azken batean, enpresei jarrera ez jasangarriak edukitzeko bidea ireki die. Espainiako Estatuan, adibidez, “zerutik eroritako” 1.370 milioi euroko mozkina kalkulatzen da karbonoaren sektorean.

Batetik, karbonoaren prezioa horrenbeste jaisteak enpresei ez die inongo pizgarririk ematen emisioa txikitzeko. Bestetik, kutsatzen duten horiek, kalteak ordaindu baino, kobratzen jarraitzen dute estatuen gobernuen itzalpean.

Karbonoaren merkatuaren sistemarekin jarraitu ordez, zenbait ekonomialarik beste soluzio bat proposatu dute:  karbonoaren gaineko zerga bat jartzea enpresei, kutsadura isuri kantitate jakin bakoitzeko. Zergaren prezioa asmatzea, ordea, lan zaila da: kutsadura txikitzeko adinako zigorra ezarri nahi da batetik, baina ez dituzte enpresak porrotera eraman nahi.

Kontuak kontu, Diagonalen Fernando Prieto ekologoak argi uzten du: ingurumen kutsaduraren gaia garrantzitsuegia da bere ardura guztia merkatuarengan uzteko. Indar politikoek, eta batez ere Europar Batasunak, hartu beharko lukete honekiko erantzukizuna.