argia.eus
INPRIMATU
Karabakh Garaiko gerraren amaiera sinatu dute Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak
  • Astearte gauerdian ezarriko da indarrean Armenia, Azerbaijan eta eta Errusiak bezperan adostutako bake ituna. Honen arabera, gerra diren bi herrialdeetako armaden arteko banaketa lerroa une honetan fronteak markatzen duen horretan finkatuko da, segurtasun korridore bat ezarriko da Errusiako federazioko militarrek zainduko dutena, bi aldeetako bakoitzak preso, zauritu eta hildakoen gorpuak beste aldeari entregatuko dizkio eta gerratik ihesi joandako herritarren itzulera antolatuko dute Nazio Batuek horretarako daukaten batzorde bereziaren zaintzapean.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 10a
Gudari armeniarrak erretiradan Karabakh Garaiko Shusha herrian, bonbardatutako eraikinen artean. (Argazkia: AP)

Karabakh Garaiko lehen ministro Nikol Paxinianek astelehen ilunabarrean sare sozialetatik zabaldu zuen behartuta aurkitu zela oso bake itun mingarri bat onartzera. Horren ostean, Ilham Aliyev Azerbaijango lehendakariak egin zuen bere iragarpen hori. Azkenean, Vladimir Putin Errusiako lehendakariak telebistan egindako agerpenak zigilatu du hiru herrialdeen artean sinatutako bake akordioa.

Aurreko su-eten ahulen aldean bake itu hau sendoa izango dela adierazten du Vladimir Putinek berak irakurri izanak tratuaren zertzeladak: bi herrialdeetako armaden arteko banaketa lerroa une honetan fronteak markatzen duen horretan finkatuko da, segurtasun korridore bat ezarriko da Errusiako federazioko militarrek zainduko dutena, bi aldeetako bakoitzak preso, zauritu eta hildakoen gorpuak beste aldeari entregatuko dizkio eta gerratik ihesi joandako herritarren itzulera antolatuko dute Nazio Batuek horretarako daukaten batzorde bereziaren zaintzapean.

Su-etena iritsi da Armeniako militar eta boluntarioek Karabakh Garaiko bigarren hiri handiena, Susa, Azerbaijaneko tropen aurrean galdu eta ordu gutxitara. Hamalau kilometrora dagoen Stepanakert hiruburua ere galtzeko arrisku gorrian zeuden armeniarrak. Su-etena heldu den gauean mamitzen baldin bada, negozio malkartsuei ekin beharko diete bi aldeek Karabakh Garaiaren etorkizuna finkatzeko. Azerbaijanek gerra hasieran baino posizio hobetiko helduko dio negoziaketari.