argia.eus
INPRIMATU
Kapuscinski saria jaso du Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak ‘Potosí’ liburuarekin
  • Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak Kapuscinski saria jaso du Varsovian Potosí liburuaren bertsio poloniarrari esker. Liburua Bolivian dago kokatua eta bertako ume-meatzarien istorioa kontatzen du.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 01
Izagirre saria jasotzen. (Argazkia: TVN24)

Maiatzaren 28an Kapuscinski saria jaso zuen Varsovian Ander Izagirre kazetari eta idazleak Potosí liburuarekin. Liburua 2017an argitaratu zuen Libros del K.O. argitaletxearen eskutik.

Twitterren txiokatu zuen sari-banaketara sartu baino lehenago, adieraziz bi aukera zituela: “a) saria jasotzea; b) dentistarenean egin moduan irribarrea luzatzea irabazlea txalotzen dudan artean”. Saria jaso zuen eta hurrengo egunean berriro ere Twitterera jo zuen bere hunkipena azaltzeko: “Dardara pasako zait, ileko tindu more hori ez dakit”.

Erreportaje Literarioarentzako Ryszard Kapuscinski saria erreportaje liburuak saritu eta ezagutzera emateko sortu zen saria da. Kazetari eta idazle izan zen Ryszard Kapuscinskiren ohorez ospatzen da.

Potosi

Liburuan Aliciaren bizitza ezagutzen dugu eta bere bitartez plazaratzen du Izagirrek Potosí-k jasaten duen egoera. Potosí (Villa Imperial de Potosí) Boliviako hiria da. Han dago Cerro Rico, hiriaren hegoaldean dagoen zilar-meategia. Hiriak espainiar konkistatzaileen iritsiera eta zilar ustiatzea, 1952eko iraultza eta Che Guevararen azken gerrilla ikusi ditu besteak beste. Bertakoak ziren diktadura bota zuten langileak, eta bertakoak dira gaur egun manifestatu eta hamar urte baino lehen lan ez egiteko legeak lortzen dituzten haurrak. Hala dio liburuaren sinopsiak.

Potosí liburuak sari gehiago ere jaso ditu, horien artean English Pen Award saria lortu zuen 2018an eta Euskadi Literatura Saria 2017an. Horrez gain El País, The New York Times eta Vozpópuli hedabideek 2017ko liburu hoberenen zerrendan sartu zuten.