Eskuin muturrak Washingtoneko kapitolioa okupatu zuen. Zuzeneko irudiei begira sentitu nituen beldurra, haserrea, parodia friki kutsua ezin sinetsia, kezka... Bat-batean, ohartzeke, pauso arriskutsu bat emateko zorian nengoen: erasotzaileekiko eta beren proiektu politikoarekiko etsaitasun sakonetik, kapitolioaren defentsa nire egitera. Eta kapitolioaren defentsarekin, demokrazia kapitalista patriarkala oro har, eta zehazki zein eta AEBetakoa. Ño, hotzikara.
Eskuin muturra kapitalismoaren erakunde nagusien azpijokoak salatu eta asaltoz hartzen, osasun krisiaren kudeaketa autoritarioa desobedituz salatzen, ‘hauteskunde demokratiko’-etatik sortutako gobernuen zilegitasuna ukatzen, ‘eliteen’ kontra hitz egiten... (enpresariei hortzak erakusten? –69 luxuzko furgoneta txikitu zituen Mercedeseko langile ohia Voxen jarraitzailea dela irakurri dut. Ezin jakin egia den, kezkagarria dena da posible iruditzen zaidala–). Finean, eskuin muturra jarrera antisistemak antzezten. Politikaren sokatiran fuerte ari da, demokrazia formalaren tablerotik irten da eskuinetik, eta sokatirara denok gaudenez lotuta, denak arrastatzen gaitu eskuinerantz.
Eskuinaren oldarraldiari erantzuteko, ezkerra demokrazia formalaren –kapitalista, patriarkala, koloniala...– makulu bihurtzeko arriskua dago: kapitolioa demokraziaren sinbolotzat defendatuz; farmazeutikek eta Bill Gatesek finantzatzen duten Osasunaren Mundu Erakundea autoritate bezala aldarrikatuz Bolsonaro, Trump edo Johnsonen aurrean; PSOEren Espainia sostengatuz Vox eta PPren Espainia ekiditeko; Urumeako uretan “langile” –armatu– bat itotzen denean “elkartasuna eta babesa” azalduz eta “lan baldintza duinak” eskatuz. Neurri batean eta kasu batzuetan -batzuetan- beharrezkoa izan daiteke, baina ez diezaiogun gure buruari beharra bertutetzat saldu, atzo arbuiatzen genuenaren gorazarre egiten amaitu baitezakegu. Erakundeen eta sistema demokratikoaren zilegitasun krisia sakondu egingo da hurrengo urteetan. Galdera da: pobreziaren eta ziurgabetasunaren ondorioz lehen aldiz sistema auzitan jartzen hasten den kaleko herritar batek, nora begiratuko du gaur egun irtenbide eta erantzun eske, ezkerrera, edo eskuinera?
Krisi eta kolapso sistemiko garaian, ez diezaiogun oparitu eskuinari alternatiba erradikalen eta sistemaren aurkako jarreren iruditeria eta bandera. Geure buruei gehiago exijitzeko garaia da, ez gutxiagorekin konformatzekoa. Tira dezagun sokatiratik ezkerrera eta ezkerretik, baita tablero kanpotik ere. Oinak lurrean eta herrian, baina egin dezagun amets erradikalki, eta amets horiek gorpuzteko lan. Izan daitezela mundu zabaleko zein etxeko kapitolioak asaltoz hartuak, baina behetik eta ezkerretik.