Azken asteotan, AEBetan poliziak pertsona beltz bat hil ostean sorturiko mobilizazio herrikoia bizitzen ari gara. Arrazismoaren aurkako manifestazioen ondoren, arraza beltzeko pertsonen esklabotzaren eta trafikoaren protagonista izan ziren pertsonaiei eskainitako estatuak eraitsi dira. Astekari honek zorrozki eskaini dio gai horri bere azken alea eta Larrun gehigarria, hain zuzen.
Pertsona beltzen trafikoaren negozioak –kasu honetan Afrikatik Karibera–, euskal oligarkiako kideak ere izan ditu protagonista. Esaterako, Neguriko Ybarra familia onuradun handia izan da. Familia horretako kide batzuek negozio hori mantendu zuten XIX. mendean. Bitxia da ikustea beren barne-komunikazioetan salgaiak ez ezagutzeko –esklaboen trafikoa–, “681 fardel” eta “600 artile zikin arroa” aipatzen zituztela. Britainiar gerra-armadaren konfiskazioa saihesteko, esklaboak itsasora botatzen zituzten portura iritsi aurretik, eta, horrela, itsasertzeraino igeri egingo zuten indartsuenak aukeratzen zituzten.
“Negozio” horretaz idatzi zuen Javier de Ibarrak ere, saga horretakoa, Nosotros los Ybarra (Gu, ibarratarrok) liburuko 5. eta 6. kapituluetan, eta honela amaitzen du: “Eta horrela amaitu zen ybarratarrek hain negozio nahasietan egin zuten barneratzea”. Gineako Golkoko esklaboen trafiko selektiboa “negozio nahasiak” besterik ez ziren izan? Ybarratarren feudoan, AHV labe garaietan, 1936an armada frankistarentzat eta bere aliatuentzat armak sortzea ere “negozio nahasiak” izan ote ziren?
Kapitalismoa beti izan da basatia, antihumanoa, antisoziala eta baita kriminala ere. Gaur egun aurpegi gizatiarrago batez jantzi nahi duten arren, kapitalismo horrek gako berberetatik erasotzen jarraitzen du eta jarraituko du, etekinik handiena bilatzen. Sistema horretan, helburuak beti justifikatzen baititu baliabideak.