argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren kontrako mobilizazioekin hartuko dute G20a Hanburgon
  • Uztailaren 7tik 9ra izango da G20 gailurra Hanburgon eta mundu osoko herri mugimenduek protesta ugari deitu dituzte. Poliziak kapitalismoaren kontrako kanpaldi bat desegin zuen igandean.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 04a

Munduko estatu boteretsuenak batzen dituen gailurra da G20a, eta finantza sistema globalari buruzko erabakiak hartzeko batzen da urtero. AEB, Europar Batasuna, Kanada, Txina, Errusia, Saudi Arabia eta Indiak parte hartzen dute, besteak beste. Espainiako Estatua berez ez da kidea, baina gonbidatu iraunkorra da eta beraz beti hartzen du parte.

Protesta eta gatazka ugari sortzen da urteroko goi bileretan, herri mugimenduek deituta mobilizazioen karietara. Aurten ere hilabeteak daramatzate Alemaniako eta mundu osoko mugimenduak mobilizazioak iragartzen. NoG20 nazioarteko plataforma ari da protestak antolatzen eta kapitalismoa demokraziaren etsai gisa definitu dute. Hanburgoko herritarrei dei egin diete beraiekin batera kalera irten daitezen.

Asteazkenerako kontra-gailur bat antolatu dute 70 bat mugimendu eta eragilek sistemari alternatibak eztabaidatzeko. Ostegunean kapitalismoaren kontrako manifestazio bat izango da G20: ongi etorri infernura lelopean.  

Ostiralean hasiko da G20 eta egun horretarako desobedientzia ekintzak deitu dituzte, izan ere, debekua jarri diete manifestariei Red Zone delakoan sartzeko –gailurra egingo den ingurunea-. Larunbatean nazioarteko manifestazio bat egingo dute.

Alemaniako Gobernuak dispositibo handia jarri du martxan: estatu osoko 15.000 polizia eta 400 pertsona sartzen diren atxilotze eremu bat prestatu dute. Igandean Enterwerder parkean manifestarientzat prestatuta zegoen kanpaldi gunearen kontra egin zuen poliziak, baimena zuten arren.