argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren hondeamakina
  • Mercedes-Benz enpresak despeditutako langile ohi batek, hondeamakina batekin enpresaren ikurra kolpatu du: gama altuko furgonetak, bakoitza ia 100.000 eurokoa. Lan-esplotazioa oinarri duen eta etekinak baino bilatzen ez dituen sistema kapitalistaren ondorioak dira.

Juan Mari Arregi 2021eko urtarrilaren 07a

Mercedes-Benz enpresak despeditutako Miranda de Ebroko 38 urteko langile ohi batek, hondeamakina bat lapurtu zuen aurreko egunean. 20 kilometro egin ondoren, Gasteizko Jundiz poligonoan enpresak duen aparkalekura joan eta 50 furgoneta berri baino gehiagoren aurka jo zuen, autogintzako konpainia alemaniarraren "altxor" omen direnak. Iturri ofizialen arabera, ez da kalte pertsonalik izan, baina 5 milioi eurotik gorako kalte materialak eragin ditu.

Ez da lehen aldia kaleratutako langile batek bortizki erreakzionatzen duena. Frantziako Estatuan, 2008 eta 2009 urteen artean, bere buruaz beste egin zuten Telecomeko 38 langilek. Hego Euskal Herrian ere hainbat pertsonak egin du bere buruaz beste kale gorrian gelditu denean, etxegabeturik. Garai bateko birmoldaketen aurkako manifestazioetan, bazen garrasi oso ohiko bat: "Langile kaleratua, patroi urkatua". Lan-esplotazioa oinarri duen eta etekinak baino bilatzen ez dituen sistema kapitalistaren ondorioak dira.

Mercedes-Benzek kaleratutako langilea ez da bere buruaz beste egitera iritsi; izan ere, kalean utzi zuen enpresaren ikurra kolpatu du: gama altuko furgonetak, bakoitza ia 100.000 eurokoa. Ez du beste langileen auto erabilgarrien kontra jo, ezta patroiaren edo bera kaleratu zuten arduradunen aurka ere.

Egiten zuenaz kontziente zen, uste baitzuen ez zituela gehiago ikusiko maite zituenak: bikotekidea, txakurra eta herria. Gaur egungo zigor kodeak ezer gutxi ulertzen du krisi ekonomiko baten ondorio sozialei buruz, eta kalte-galerak eragitea egozten diote. Nahiago nuke, langilea epaitu behar dutenek aztertuko balute orain gutxiko beste sententzia bat:  epaile frantsesek Telecomeko arduradunak errudun egin dituzte hamar urte geroago, langileen aurkako jazarpen moralagatik.

Hondeamakina, egia da, kaleratutako langileak erabili zuen. Sistema kapitalistak, ordea, horretara bultzatu zuen.