argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren aurpegi “humanoa”
  • AEBetako milioidun talde batek berrikitan eskatu du fortuna handiei zerga gehiago jartzeko, herritarren arteko desberdintasunek handitzen segi dezatela saihesteko.

Juan Mari Arregi 2019ko uztailaren 18a
George Soros dago fortuna handiei zerga gehiago jartzeko eskatu dutenen artean (argazkia: Wikimedia)

Eskaera sinatu dutenen artean George Soros enpresaria dago, Davoseko gailurraren sustatzailea; baita Cris Hughes Facebookeko fundatzaileetako bat eta Disney eta Hyatt Hotels inperioen ondorengoak ere. Komeni da gogoratzea AEBetako milioidunek pilatzen duten aberastasuna –biztanleriaren %0,1 dira–, estatubatuarren %90aren ia parekoa dela.

Zer egon daiteke eskaera horren atzean? Munduko elitearen egoitza den Davoseko azkeneko gailurrak alarma jo zuen, desberdintasuna ikaragarri hazten ari den gizartean kaos edo iraultza sozial bat gerta daitekeelako. Desberdintasun hori sortzen duen Kapitalismoa, arrisku horren kontziente da. Horregatik onartu dituzte neurri sozial gehiago, eta horregatik nahi diete fortuna handiei zerga gehiago jarri: kaos hori saihesteko, iraultza soziala etor ez dadin. Bolborarekin jolasean ari dira baina, etekin milioidun horiek ekartzen dizkien sistema bera mantendu nahi baitute.

Testuinguru horretan, kapitalismo basatiaren aurpegia zuritu nahi dute, neurri sozialagoen bidez “humanizatu” eta masak lasaitzeko asmotan. Ez dute nahi jendea kalera irtetea, grebara joatea edo sabotajeak egin eta biolentzia erabiltzea, lehen industri iraultzari erantzuteko langileek egin zuten bezala edo gaur egun herrialde askotan –Euskal Herrian ere bai– zenbaitetan egiten den bezala. Ez dezagun ahaztu, kapitalismoa desberdintasun sinonimo da eta bere burua sostengatu behar du. Horregatik zuritu nahi dute.