argia.eus
INPRIMATU
Klimaren Gailurra Madrilen
Kapitalismoa planeta hiltzen ari da
  • Mundu osoko hedabideak egunotan Madrilen egindako Klimaren Gailurrari begira egon dira. Munduko zita honetan, gobernuak, erakundeak eta enpresak bildu dira klima aldaketari nola aurre egin aztertzeko. Erakusleiho hori aprobetxatuz, multinazionalek eta konpainiek iragarki arranditsuak argitaratu dituzte, gas isurietatik libre legokeen gizartearen defendatzaile sutsuak bailiran, eta CO2 isurketen murrizketa drastikoa eskatuz.

Juan Mari Arregi 2019ko abenduaren 05a

Baina datuek, “kapitalismo berdea” ez dela existitzen uste dugunon iritzia babesten dute, kapitalismoa bera baita planeta hiltzen ari dena. Adituen arabera, mundu mailako hondamendiaren arduradunak multinazionalak dira, energia enpresa handiak eta euren zerbitzura dauden gobernuak hain zuzen. Produkzio eredu kapitalistak kalituko du gure lurra, ingurumenaren kontura ahalik eta etekin handiena lortzea bilatzen duen eredu horrek. Munduko CO2 isurien %71 ehun enpresa handik sortzen dute, eta biztanleen %10 aberatsena emisioen %49aren arduradun da.

Gailurrek ez dute ezertarako balio, multinazionalek gobernuak erabiltzen badituzte txotxongiloak bezala, Kapitalismoaren eskuak mugituta. CO2 isurien murrizketa drastiko horiek egiteko neurri drastikoak behar dira, eta zuzenean Kapitalismoaren bihotzera jo beharko lukete. Besteak beste, efikazak izate aldera, energia eta elektrizitatearen sektoreak nazionalizatzea aztertu beharko litzateke, baita enpresa kutsatzaileenak desjabetzea ere.

Adibidez, EAEren kasuan, Gasteizko gobernuak koherente izan beharko luke larrialdi klimatikoa ezartzearekin, eta blindatu beharko luke bere lurraldea gasa erauzteko egin nahi dituzten zundaketetatik, Subijanan kasu. Eguzkik dioen bezala “iraungita, desfasatua eta ingurune naturalaren kalterako” eredua da hau.