argia.eus
INPRIMATU
Caparrosoko makroetxaldea salatu zuten Greenpeaceko kideen aurkako epaiketa atzeratu dute
  • Valle de Odieta etxalde erraldoiaren kontrako ekintza 2021ko martxoan egin zuen Greenpeacek, Nafarroan. Makroetxaldeak 79 txahal gaixotzea leporatzen die ekologistei, orain Greenpeaceren defentsak salaketa ezeztatzen duen albaitaritza-txostena aurkeztu du eta epaiketa atzeratu egin da perituak txostena aztertzeko adina denbora ez duelako izan.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 24a
Greenpeaceko ekintzaileak Caparrosoko makroetxaldean. Greenpeace

Asteazkenean Greenpeaceko zortzi kideren aurkako epaiketaketa hasi da 2021ean Caparrosoko makroetxaldearen aurka egindako ekintzagatik. Epaia Nafarroako zigor-arloko 1. epaitegian egin da eta fiskaltzak bederatzi hileko espetxe-zigorra eta hamalau hilabeteko isuna osotara 4.200 euro- eskatzen dizkie.

Diario de Noticias de Navarrak jaso duenez, zailtasunekin hasi da epaiketa; ahozko bista irekitzeko autoan ez baitzegoen Greenpeaceri zegokion kondenaren erantzukizun zibil subsidiarioa. Epaiketa, gainera, azaroaren 11 arte atzeratu egin da auzipetuen defentsak enpresaren txostena ezeztatzen duen albaitaritza-txosten bat aurkeztu duelako eta perituak aztertzeko denborarik izan ez duelako. Greenpeceko kideek, hitz egiten azkenak direlako, ez dute hitza hartzeko astirik izan.

Uraren Munduko Eguneko ekintza

Greenpeaceko kideak epaitzeko ekintza 2021eko martxoaren 22an burutu zuten, Uraren Munduko mailako Egunean. Ekintzaileek Valle de Odieta makrogranjak nitratoz kutsatutako ura atera zuten Aragoi ibaitik, eta ondoren makroetxaldeko putzu batera bota zituzten mila litro. Ekologistek azaldu bezala, agerian utzi nahi zituzten “makrogranjaren praktika kaxkarrak”. Horrekin batera “uraren kutsadurarekin bukatuko duen nitrazioaren anbizio handiko legea” eta “abeltzaintza industrialari lege-frenoa” ipintzeko eskatu zuten, abeltzaintza industriala baita “ arazo orokorraren arrazoi nagusienetako bat”.

Ekintzaren ondorioz behiak gaixotu zirela diote

Valle de Odietako hainbat kidek gogoratu dutenez, ekitza ekologistaren hurrengo egunean albaitaria deitu behar izan zuten hainbat animalia gaixotu zirelako, bereziki ekintza burutu zen zonaldean larratzen zuten txahal gazteak. Ekologistek harresiak apurtu zituzten eta orain makroetxaldeko jabeek behiei estresa eragitea leporatzen diete. Enpresako kideek azaldu bezala, harresiaren kontra eta bata besteari kolpeka egon ziren txahalak, eta estresak eraginda, 79 animalia gaixotu ziren deshidratazio eta sabeldura arazoekin. Honen aurrean defentsaren abokatuak galdetu die ea 7.200 behiren artean ez den sabeldura kasurik jazotzen. “Bai, noski. Ohikoena da hilean behien %2-3-ak eritasunak izatea, baina oraingoan nabarmena izan da”, erantzun zuen Valle de Odietako presidentea den Alberto Guerendiain.