argia.eus
INPRIMATU
“Kaosean sorkuntzak beste dimentsio bat hartzen du”
  • Elkarrizketa: Oier Guillan / Argazkia: Dani Blanco

    Iñigo Ibarraren laguntzaz jarri dugu hitzordua Ander Lipusekin, ez baita erraza teatroari estuki loturik bizi den izaki berezi honen arrastoa jarraitzea. Elkarrizketa hau plazaratu den unean Aulestiko ADELen prestakuntzan dabil buru-belarri. Horri buruz eta Antzerkiola Imaginarioak azken hatsa eman zuenetik egin dituen lanei buruz mintzatu gara. Haien artean, proiektu berriak bideratzeko sortu duen Huts teatroa izan dugu hizketagai.

2012ko apirilaren 07a

Teilatutik hasi gara berbetan, eta berregituraketa baten ondoren dagoela esan digu. Artedrama plataforma sendotzen eman du urtea, lankide berriekin eta Kultur Leioan erresidentzia egonkorra lortuta. Bertan antolatuko dute maiatzean Maratila izeneko jaialdi berria. Bestetik, Antzerkiola Imaginarioaren garaia guztiz itxita, Huts teatroa izeneko gorpuzkera berria sortu du. Xabier Mendiguren Elizegik idatzitako Publikoari gorroto izango da izen horrekin taularatuko den lehen lana. “Huts teatroaren bitartez euskara hutsez lan egitea dut helburu, eta momentu honetan behintzat, bakarrik”. Mapa imaginarioan mugitzetik mapa geografikoan kokatzera pasa dela esan digu.

Antzerkiolaren krisi fasea pasa eta gero, nolabait berregituratu eta Babiloniako loreak etorri zen. Orain etapa hori guztiz itxia dagoela esan daiteke?

2011n Barakaldon egin genituen azken bi emanaldiak, bukaera izango zenik jakin gabe. Gutxika-gutxika proiektua agortu egin dela uste dut, ez zelako sostengatzen hasierako talde espirituarekin. Babiloniako loreakekin emanaldi gutxi eman genituen, obra euskaraz eta gaztelaniaz egiten genuen, eta orain argi daukat euskaraz egin nahi dudala lan. Mapa geografikoak zerikusia dauka horretan. Madrilen ikasten nengoenean erdaraz egiten nuen lan, Bilbon euskaraz eta erdaraz, orain Berrizen bizi naiz eta euskaraz egin behar dudala uste dut.

Antzerkiolaren amaierak eragin dizu estetikoki, gauzak kontatzeko moduan?

Nire imajinazioan ate batzuk zarratu behar izan ditut. Ez da zerotik hastea, baina bai pixka bat hutsetik. Orain ez dut uste estetika berri bat dudanik, baina badago beste bide bat urratzeko beharra. Agian horren atzean beti egongo da Ander Lipusen figura edo fantasma, horregatik ez da zerotik hastea, baina pertsonaiak eraikitzeko orduan dagoeneko badago beste zerbait. Antzerkiolan pertsonaiak imaginarioagoak ziren, kutsu sinbolikoagoa zuten, eta orain hurbilagotik ari naiz publikoari zerbait komunikatu nahian. Erregea eta bufoia edo Errautsak bezalako lanetan badago toke naturalista edo errealistago bat. Horrek pena ematen dit alde batetik. Agian gehiegi esatea da, baina nik uste dut euskal publikoari ez zaizkiola gustatzen gauza oso “zoroak”. Niretzat YuriSam da egin dudan obrarik ederrenetarikoa eta osatuena, eta hemen ez zuen asko funtzionatu, ezta Babiloniako loreakek ere.

Konpainia lortu zen, zailena denboran irautea izan zen beraz.

Bai. Barne istiluak eduki ahal dituzu, baina gauza horiek konpon daitezke. Zailagoa da bide berean ikuspegi antzekoarekin proiektu bat bermatzea teatroan ditugun laguntzekin, zeintzuekin teatroa odolustea bezala den. Talde baten funtzionamenduan sentimendu eta mekanika batzuk daude ez direnak merkantzia batenak. Zein da Hegoaldean daukagun konpainia mota? Produktora bat, obraren arabera aktorea kontratatzen duena, eta listo. Taldearen zentzua lortzen dute soilik konpainia gazteek, edo semiprofesionalki ari direnek, edo amateurrek. Horregatik ibiltzen naiz asko amateurrekin, asko gustatzen zaizkidalako dinamika horiek, plazer handia delako hamabost jende zuzentzea. Bestela, momentu honetan bakarrik nago, txakurrarekin. Bera azaltzen da nirekin argazkietan (barrez).

Azken urteetan zure pertsonaien karabana izan duzu bidelagun. Zer suposatu dute pertsonaia horiek?

Lehengo komedianteen bizitza egitea da pixka bat. Karabanako pertsonaiek badaukate antzerkiaren toke malenkoniatsu hori: nire barruan dauden beste ni batzuk dira eta nirekin datoz. Publikoari gorroto lanean ere aprobetxatuko ditut. Gure instrumentua gorputza eta ahotsa dira, eta horiekin gauza batzuk egin ahal ditugu, baina ez denak, beraz ondo aprobetxatu behar dira. Pertsonaia horiek dira nire konpainia, nire Huts taldea, bidaietan maletan gorderik daramazkizun pertsonaiak.

Errautsaken kasuan ez zegoen konpainia bakar eta oso bat, baina hor ibili zaretenon artean sekulako kimika dago, nolabaiteko sare bat osatu duzue elkarrekin lan eginez beste obra batzuetan ere: Aulki hutsa, Ibañeta…

Bai, eta kimika hori haustearen beldur naiz, eta ausartuko naiz esatera, gara. Hori ez hausteko ondo zaindu behar ditugu bakoitzaren mekanikak. Le Petit Theatre de Painen mekanikak, Artedramarenak eta Dejaburenak berez oso ezberdinak dira, horregatik arrisku handia dago zerbait bateratua egitean dena pikutara joateko. Elkar laguntzen jarraitzen dugu eta hori bera egon behar da beste gauza guztien gainetik. Hori da egin dezakegun paktu bakarra, jakinda paktu hori ere apur daitekeela edonoiz. Lehen pentsatzen nuen paktuak ez zirela inoiz apurtzen, baina ez da horrela. Oraingoz beste mapa geografiko polit bat sortu dugu, hiru irlarekin: Bizkaian, Gipuzkoan eta Behe Nafarroan. Horrelako hariak landu behar liratekeela uste dut, baita beste era batean ere, beste batzuekin. Egun nahiago ditut horrelako hariak sortu bestelako estrukturak baino, zeinetan gehiago borrokatzen den estrukturaren interes propioen alde. Gauza hauek guztiak merkatuaren barruan ulertzea zaila da, baina momentuz nahiago dut proiektu bakoitzari bere taldea egin eta amaitzean disolbatu.

Errautsakekin barruan kimika egon da, baina baita kanpoan ere, normalean antzerkira joaten ez den jende asko gerturatu baita ikustera. Hor ikusten da lehen aipatu duzun euskal publikoarekiko komunikazio hori?

Errautsaken gauza interesgarri eta erakargarri asko batzen ziren, hori berriro lortzea ez da erraza izango. Momentu jakin batean indar jakin batekin abiatu ginen eta bonba bat izan zen. Publikoak eskertzen du euskal imaginariotik lan egitea, ez da tontoa eta estimatzen du taldearen indar eta konpromiso horrekin sortua den zerbait.

Aipatu dugu dagoeneko Huts teatroa, zure erreferentzia berria. Zeintzuk izango dira lehen urratsak?

Lehenik eta behin nik Huts teatroa geografikoki kokatu nahi dut. Barkoxetik Balmasedara eta Ondarroatik Tuterara, euskara hutsez lan egingo du. Momentuz proiektu bakarra daukagu esku artean, Xabier Mendigurenen Publikoari gorroto. Testua irakurri nuenean oso bortitza iruditu zitzaidan, baina horrek zerbait mugiarazi zidanez, aurrera eramatea erabaki nuen. Asko motibatzen nauen talde lan bat sortuko dugu, Manex Fuschek zuzenduko du eta jende askok parte hartuko du: Idoia Beratarbidek jantziak egiten, Asier Ituartek musikarekin, Dejabu eszenografian, Artedramak ekoiztuko du… Azaroan eta abenduan lehenengo bira potentea egin nahi dugu. Dagoeneko programatzaile batzuk arriskatu dira ezer ikusi baino lehen datak jartzera.

Ematen du egun ekidin ezina dela krisia aipatzea. Baina badu zentzurik krisiaz hitz egiteak, benetan eragiten du gogoeta, edo besterik gabe orain tokatu zaiguna da beste garai batzuetan beste gauza batzuk egon diren moduan?

Bai, nik horrela sumatzen dut. Niri handi egiten zait krisi hitz hori, ez dut ulertzen zer ostia den, nik bakarrik dakidana da emanaldiak egiteko diru gehiago gastatzen dudala gasolinan. Hori da esan ahal dudan gauza bakarra krisiari buruz.

Zerk bultzatzen zaitu funtsean gaur egun teatroa egitera?

Publikoarekin ematen diren aldaketa emozionalek edo bizipozak mantentzen naute piztuen. Kuriosoa da, bi aste daramatzat buruko minarekin, sinusitisarekin, eta minik eduki ez dudan une bakarrak emanaldi momentuak izan dira. Agian horrek salbatzen nau eta horregatik jarraitzen dut teatroa egiten. Berriro maitemindu nahi dut egiten dudanarekin, baina zaila ikusten dut. Egia da duela urte batzuk esan nuela nekatua nengoela eta ilusioa galdu nuela, baina ilusio gabe lan egitea gaitza da. Bestetik, duela gutxi haurrentzat prestatu dugu Idazlea zeu zara emanaldia, eskoletan haur gutxiren aurrean egiteko, merke, eta konturatu gara beste zerbait eskatzen dela: zerbait masiboa, eta ez halabeharrez eskoletan pentsamendu kritikoa jorratzen duena… horrek ere bultzatzen nau, malaostia hori edukitzeak, proiektuak beste era batean egiteko gogo horrek. Hau da ezarrita dagoena? Ba jada ezarrita badago, zertarako egin behar dut nik? Gertatzen dena da hor egoteak, independente izanik periferia batean ibiltzeak, asko erretzen duela. Baina bestela ez dago salbatzerik, hipopotamizatzen zara. Ezin naiz kexatu, kostata baina antzerkitik bizi naiz, eta hori ez da broma. Baina noiz arte egongo naizen horrela, hau da, norberak nahi duen antzerkitik norberak nahi duen proiektuetan ahal denik eta bortxarik gutxienarekin lan egiten… interrogante bat da.