argia.eus
INPRIMATU
Kaosa EAEko hezkuntza publikoko esleipenetan
  • EAEko ikastetxe publikoetan, 10 irakasletik 4 behin-behinekoak dira eta horien esleipena Ordezkagunea aplikazio telematiko bidez egin du Jaurlaritzak. Aplikazioak huts egin du eta irakasle faltan daude hainbat ikastetxetan, postu bera eskaini zaie irakasle bati baino gehiagori, beste hainbati dagokiena baino baldintza okerragoak eskaini zaizkie, edo gauza bat eskaini zaie eta beste bat aurkitu dute gero ikastetxean… Haserre daude irakasleak, baina "arazo puntualak" direla eta "pazientzia pixka bat" eskatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko irailaren 18a

Ordezkoak Martxan plataforman, irakasle batek kontatu du plaza bat eskaini ziotela eta hiru egun geroago beste irakasle bat etorri zela, postu bera eskaini ziotela-eta. Azkenean, beste postu batera bideratu dute, “baina ez naiz esleipen honetaz fio, ez dakit lana izango dudan edo ez”. Beste batek dio Ordezkagunea aplikazioak postua esleitu zion arren, Gizarte Segurantzan ez dagoela altan; hirugarren batek %66ko lanaldirako postua eskaini zaiola eta %33koa aurkitu duela ikastetxean. Ikastetxe baten oharra ere aurkitu dugu: bi tutore eta bi laguntza-irakasle falta zaizkiela eta ikasturtea hasi zenetik egunero plaza horiek eskatu dituzten arren, Hezkuntza Sailetik ez dutela erantzunik jaso.

Cristina Uriarte: “Pazientzia pixka bat eskatzen da horrelako aplikazioak martxan jartzen direnean”

Kexu dira irakasleak eta langileak falta dira hainbat eskolatan. Aldiz, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak Euskadi Irratian adierazi du aplikazio positiboa dela Ordezkagunea: “Egia da arazo tekniko batzuk izan ditugula, horrelakoak gertatzen dira prozesu berri bat martxan jartzen denean”. Garrantzia kendu dio kontuari, “arazo puntual batzuk” baino ez daudela esanez; “pazientzia pixka bat eskatzen da horrelako aplikazioak martxan jartzen direnean”, gaineratu du.

Sindikatuek bat egin dute langileen haserrearekin. Anabasa, inprobisazioa, “neurri injustu eta txapuzeroak”, sistema berriari behar duen denbora eta prestaketa ez eskaini izana edota baliabide gutxi jartzea leporatu diote Jaurlaritzari, besteak beste. Irakasleen erreklamazioak jasotzen ari dira orain eta bide juridikoa ez dute baztertzen.

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak ere hainbat galdera zuzendu dizkio Hezkuntza sailburuari, idatziz erantzun ditzan. Hala nola, ondorengoak: zergatik jarri du abian Ordezkagunea plataforma inolako araudirik gabe? Zergatik ez du erredaktatu akats edo okerreko funtzionamenduaren ondorioz gertaturiko kalteen aurrean eman beharreko pausoen inguruan? Zergatik ez dute erantzunik jasotzen laguntza eske edo erantzunen eske Hezkuntza Sailera deitzen duten irakasleek?