argia.eus
INPRIMATU
‘Roundup’ak kantzerra eragiteagatik bigarren aldiz kondenatu dute Monsanto-Bayer AEBetan
  • San Franziskoko (Kalifornia, AEB) epaitegi batek ebatzi du Monsanto –gaur Bayer multinazionalak erosia– dela  Edwin Hardeman 70 urteko nekazariak nozitzen duen minbiziaren errua, bere linfoma Roundup (glifosatoa) erabiltzeak eragina.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 20a
Edwin Hardeman nekazariak 'Roundup' glifosatoa erabili zuen sastraka eta belar txarrak ihartzeko. (Argazkia: CBS)

Bigarren zigor historikoa jaso zuten atzo, martxoak 19, Monsantok eta honen erosle berria den Bayer multinazionalek. Lehenbizikoa 2018an nozitu zuen, Kaliforniako herritarrez osatutako epaimahai batek Dewayne Lee Johnsonen minbizia lotu zuenean baratze eta soroetako belar txarrak hiltzeko erabiltzen den glifosatoa –komertzialki gehien bat Roundup izenez ezaguna– minbiziarekin.

Edwin Hardeman, eskuinean, bere abokatuekin.

Oraingoan kimikaren erraldoiak auzia galdu du Edwin Hardeman 70 urteko nekazariaren aurrean. Hardemanek 1980tik hasita 2012a arte erruz erabili zuen Roundup-a 22 hektareako bere etxaldean, ustez belar txar eta sasiak ihartzeko. 2015ean sendagileek ez-Hodgkin linfoma bat diagnostikatu zioten eta urte bete beranduago erabaki zuen Monsanto auzitara eramatea, korporazioari aurpegiratuz mundu osoan arrakastaz saltzen duen bere produktu izarraz "informazio faltsu eta gezurtiak" eman izana.