Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.
-----------------------------------------------
Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den, inork ez du bustitzeko gogo handirik: goiztiar eta sanoenak plaza erdiko kioskoan dira zain; berantiarrenek, alegia, poteatzaile sutsuenek edo asteburu osoa Berriozarren pasa dutenek, koba eroso eta arrisku gabe bihurtu dituzte plaza inguratzen duten arkupeak, eta ez dira hurbildu hurrengo potea eskatu duten arte.
Dena aldatu da, guztiak berdin jarraitzeko. Espero izatekoa zen egoera ikusita. Plaza handia, eguraldi petrala, eta publikoaren eta eszenatokiaren artean halako segurtasun-tarte handi bat. Ekintza epiko baina isil baten bidez egoera iraultzea erabaki dugu, eta inor baino aurrerago jarri gara. Lotsatuta. Albo batean. Emozio fuerteak bai, baina pasa gabe.
Orube disko berriko bi kantuk musikatu dituzte jende gehiago etorri eta lehen lerroa gure parera iritsi den arteko uneak. Gustuko dugu etapa honetan eraikitzen ari direna. Klasiko batzuk ondotik, giroa berotzen hasteko: susmoa da, baina agian hanka-sartzeek ez dute balio jada ikasteko ere... Azken diskotik lau urte pasa diren arren, letrak ez ditugu ahaztu. Klasikoen artean bat aukeratzekotan, ordea, Jon Basagurenek oholtzan ageri ohi duen irribarrea. Zenbat eskertzen den hurbiltasun hori sentitzea, talde bat ez baita musika soilik. Fokua apur bat zabalduta, Aitor Agirrek (Duluth) hartu du Danilo Forondaren lekua, baxua eskuetan eta bigarren ahotsak hortz artean. Horrelaxe ari dira eta arituko dira bira honetan.
Jendeari erreparatu eta esan beharko banu gasteiztarrek zer eragiten duten, honako hau esango nuke: haiek ikustea da burua ondokoaren sorbaldan pausatu eta begiek dir-dir egiten duten artean kantuan aritzea, bolumena askorik igo gabe; da tarteka aterkipetik irten eta jauzi batzuk egitea ziba baten antzera; da kontzertu lasai bat ikustera joan eta eztarria urratu beharrean koroak egiten bukatzea a, a, aaaa...
Izan ere, sotila bezain garrantzitsua da talde honi bigarren ahotsek ematen dioten osotasuna, goitik zein behetik, orain bat, orain bi, orain hiru. Bakoitza dagokion tonuan eta unean. Oihu egiteko ez delako oldarkorra izan beharrik, ezta oldarkorra izateko oihu egin beharrik ere, ondo egiten bada. Gora Euskal Herria askatuta halako leku batean aldarrikatzeko ere ez.
Oso ondo kantatzen ez dugunok –gaizki abesten dugula ez esatearren– ederki dakigu badela uste oso hedatu bat, ez dakit herri honetan edo mundu osoan, zera dioena: ez da komeni eguraldi ederretan gaizki abesterik, euria hasterik nahi ez bada. Nik ez nekien, ordea, alderantziz ere gerta zitekeela.