argia.eus
INPRIMATU
Kantu inprobisatuaren nazioarteko jardunaldiak Leonen eta Bartzelonan
  • Hilaren 25 eta 26an izango dira Leonen. Kanariar Uharteko, Galiziako eta Euskal Herriko ahozko kantu inprobisatzaileak elkartuko dira bertan. Bartzelonan azaroaren 6tik 8ra izango dira.

Bertsoa.eus @bertsolaritza 2015eko irailaren 22a

2003an Donostian egin zen lehenengo aldiz munduko kantu inprobisatuen topaketa.  Ahozko inprobisazioa munduan izeneko ekimena antolatu zuen Bertsozale Elkarteak eta lau kontinente eta hamaika herritako kideak etorri ziren Euskal Herrira.

Esperientzia hari jarraipena emanez, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta Mintzola Fundazioak elkarlanean, Europa Bat-batean egitasmoa antolatu dute.

Udazkeneko jardunaldiak

Europa Bat-batean egitasmoaren baitan kokatu dituzte udazkeneko jardunaldiak. Lehenengoak Cerezales de Condadon eta Leonen egingo dira hilaren 25 eta 26an. Kanariar Uharteko verseadoreak, Galiziako regueifeiroak eta Euskal Herriko bertsolariak bilduko dira bietan. Euskal ordezkariei dagokionez, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka ariko dira bertsotan, Itxaso Paia gai-jartzaile lanetan eta Karlos Aizpuruak itzultzaile lanak egingo ditu. Kantu inprobisatuaren bi emanaldik eta Bertsolari filmaren trailerraren proiekzioarekin abiaraziko den mahai-inguruak mamituko dituzte jardunaldiok.

Fundación Cerezales Antonio y Ciniak, Fundación Sierra Pambleyk, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta Mintzola Fundazioak elkarlanean antolatu dituzte jardunaldi hauek.

Udazkeneko bigarren hitzordua Bartzelonan izango da azaroaren 6tik 8ra.

Leongo jardunaldiak: parte-hartzaileak eta egitaraua