Sarasua anaiek kantatzen zuten, txorien txirri-txorroa ospeletara bakantzen zebilela, euskal kulturaren transmisioak 2000. urte inguruan bizi zuen egoera zaurgarriari erreferentzia egin asmoz. Baina, ordutik, zerbait aurreratu dugu.
Aurrerapen nagusia D ereduaren zabalpena izan dela diote batzuek. Baina horrek izan ditu zenbait albo-kalte. Esaterako, ikasle gehientsuenek euskara ikasgai bat gehiago legez ikusten dute eta, horrela, euskararen erabilera naturala ez dator bat bere ezagutzarekin. Gainera, hizkuntzaren akademizazioak ez du bat egin gazte belaunaldietan jazotako aldaketa ideologiko eta kulturalekin. Horregatik, euskarak irudi zaharkitua ageri du askorentzat.
Baina tira, D ereduak gauza on asko ere ekarri dizkio euskarari. Hala nola eremu ez euskaldunetatik datorren jendeak hartu emana du gure hizkuntzarekin eta hori asko da. Ikastetxeetan gutxieneko ezagutza bermatzeak, bestalde, esperantza pizten du. Bada, bizitzak buelta asko ematen ditu eta batek daki nora eramango gaituen. Horri dagokionez, zinez da garrantzitsua euskarak toki bat hartzea gure bizitzan eta hezkuntzak, gutxienez hori, eskaintzen du.
Egia da, agian hezkuntza euskalduntzeak ez dituela garai batekiko aurreikuspen guztiak bete, baina inork gutxik jarriko du zalantzan aurrerapauso handi bat izan denik. Beraz, jarrai dezagun pausoz pauso eusten eta eragiten, biharko egunean Jon Sarasuak kantu berriak abestu ditzan.
Sabin Abarrategi Sarrionandia, ikaslea