Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko oposizioko alderdiek kritikatu egin dute Frantziako Barne Ministerioak osatu eta Pierre-Andre Durand prefetak aurkeztu dien kantonamenduen mapa berria. Alderdi Sozialistak eztabaidarako tarterik laga ez duelako azaldu dira haserre gainerako alderdiak. Ipar Euskal Herriaren muga historikoak errespetatuak izango dira.
Ipar Euskal Herrian 12 kantonamendu
Iragan urrian, Salbaterra-Bearno eta Nabarrengose Donapaleuko kantonamenduan sartzea proposatu zuen PSk. Urte amaieran, ordea, prefetak iragarri zuen atzera botako zutela kantonamendu euskal-biarnesa sortzeko proposamena. Ipar Euskal Herriko mugak, hortaz, errespetatuak izango dira.
Hamabi kantonamendu izango lirateke Ipar Euskal Herrian:
- Euskal Kosta Aturri elkargoan: 5 (Baionan 3, Miarritzen 1 eta Angelun 1)
- Nafarroa Beherean: 1 (Amikuze, Iholdi, Bastida, Bidaxune, eta Isturitze kantonamendu berean jarraituko dute)
- Zuberoan eta Garazi-Baigorrin: 1 (Herri elkargoek kantonamendu bakarra egingo lukete, eskualde handi bat osatuz)
- Hego Lapurdiko Hiri Gunean: 3 (Hendaia, Urruña eta Biriatu kantonamendu berean egongo lirateke; Ziburu, Bidarte, Donibane-Lohitzune eta Getaria bigarren batean; eta hirugarrenean Sara, Ainhoa, Azkaine, Senpere, Ahetze eta Arbona, Arrangoitze, Basusari eta Uztaritze).
- Mugerren: 1 (Bardoze, Beskoitze, Gixune, Lehuntze, Mugerre, Hiriburu, Samatze, Urketa, Ahurti eta Milafranga).
- Kanbon: 1 (Lekuine, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Hazparne, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Luhusoa, Makea, Lekorne eta Zuraide).
Gaur egun 21 kantonamendu daude Ipar Euskal Herrian. Berriak osatutako grafikoan ikus daiteke gaur egungo banaketaren eta proposamen berriaren arteko aldea.
Aurrerantzean bi kontseilari izango lirateke kantonamendu bakoitzean, emakumezkoa bata eta gizonezkoa bestea. Kontseilari nagusiak desagertu egingo lirateke.
Oposizioa, kritiko
Oro har, Pirinio Atlantikoetako kantonamendu kopurua 52tik 27ra pasako da.
Departamenduko Biltzarrak mapa berriaren alde bozkatu zuen atzo, aldeko 27 bozka eta kontrako 22rekin. Gehiengoa diren sozialistak baino ez ditu asebete erabat proposamenak. Oposizioa kritiko agertu da. Proposamena "inposizioa" dela dio, eztabaidarako tarterik ez delako egon.
Ipar Euskal Herriko hautetsiei dagokienez, Alain Iriart Hiriburuko auzapez (EH Bai) eta kontseilariak uste du baserri eta hiriko eskualdeen arteko oreka "sakrifikaturik" dela, herrialdeko mugak errespetatu izana positibotzat jo duen arren. "Mobilizazioei esker lortu dugu Ipar Euskal Herriko eta Biarno arteko eremurik ez izatea", nabarmendu du. Kotte Ezenarro PSko kidearen hitzak ere jaso ditu Berria egunkariak. Pirinio Atlantiarreko presidenteordea "pozik" agertu da Nafarroa Beherearen eta Biarnoren arteko kantonamendu proposamena bertan behera geratu delako.
Bestalde, Mauleko kontseilari Pepela Mirantek dio Zuberoa eta Garazi-Baigorriko elkargoek bat egiteak ez duela onurarik ekarriko, bi elkargo ezberdin direlako, eta ez delako posible izango elkarrekin lan egitea.