argia.eus
INPRIMATU
Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak
  • Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.

Sara Ibarguren @saraibarguren Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko uztailaren 10a
Jardun Koordinadorak okupatutako Kantauri espazioa, ateak hesituta. Argazkia: Jardun Koordinadora

Manifestu batean Jarduneko kideek adierazi dutenez, Maiatzaren Lehenean lokala okupatzearekin batera, honakoak ziren lortu nahi zituzten helburuak: “Alde batetik, Euskal Herri langilearen kontraboterea eraikitzeko eta prozesu iraultzaileak pausoak ematea, eta, bestetik, izaera desberdinetako jarduerak aurrera eramatea, hiriak jasaten duen turistifikazioaren eta espazioen pribatizazioaren aurrean alternatiba bat sortuz, eta borroka ideologikoa hedatuz”.

Azaldu dutenez, Kantauri espazioan egon diren denbora horretan, aipatzekoak dira jabeen partetik entzun dituzten “irainak, mehatxuak eta grabazioak”. Salatu dute espazioa okupatu zutenetik ia egunero izan dutela Ertzaintza atean, “barruan zegoen jendea identifikatzeko eskatuz, isunak jartzeko mehatxuak eginez eta uneoro espazioan parte hartzen zuten kideak grabatuz eta kontrolatuz”.

Epaiketan, absolbituak

Prozesu judizialari dagokionez, Jardunek adierazi du espazioa okupatu eta egun gutxira epaiketa izan zutela. Absolbitu egin zituzten, froga falta zela eta. “Hortik aurrera epaiketa berri baten zain egon bagara ere, ez du espazio politikoaren beharra eta ideologizatzeko zein saretzeko nahia duen jendeari alternatiba bat eskaintzea oztopatu”, azaldu dute. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat hitzaldi, proiekzio, mahai-inguru eta liburu aurkezpen egin dituzte bertan.

Pasa den larunbatean izan zen desalojoa, jabea espazioan sartu eta sarrerak hesitu baitzituen. Jardunekoak berriro saiatu ziren espazioa berreskuratzen, baina jabeak eta ertzainak bertan zirenez, ezin izan zuten sartu. “Gauzak horrela, Kantauri espazioa alternatiba politiko gisa aurkezten bazen ere, pribatizaziora eta kontsumora bideratutako hiri honetan, jabeak honekin espekulatu eta negoziora mugatu du beste behin ere”, salatu dute.

Jardunen ustez, desalojo hau “Euskal Herri Langilearen kontrako eraso” moduan ulertu behar da. “Izan ere, ezinbestekoa dugu pairatzen ditugun zapalkuntzen aurrean formatu, eztabaidatu eta berau gainditzeko beharrezkoak diren antolakuntza politikorako markoak sortzea”, adierazi dute. Hala ere, nabarmendu dute Kantauriren bidea ez dela hemen amaitu, eta “Euskal Herri Langileak zapalkuntza jasaten jarraitzen duen bitartean” izaera horretako espazioak sortzen jarraituko dutela.