argia.eus
INPRIMATU
Kantauri Beltza topaketak ospatuko dituzte asteburuan Donostian
  • Hiriak itsasoarekin duen harremana aitzaki hartuta, kulturari buruz gogoeta egiteko antolatu dute jaialdia. Bulebarrean ospatuko da, Gipuzkoa Zutikekin bat egiteko.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 09a
Donostiako Piratek antolatutako Kantauri Beltza jaialdia iragartzeko kartela. Argazkia: txondorra.net

Harreman handia dute Donostiak eta itsasoak. Kaian kirol portua ezarri berri dute, baina mende luzez bertako itsasontziei esker lortu dute jatekoa donostiarrek. Harreman horren jakitun, Kantauri Beltza topaketak antolatu dituzte Donostiako Piratek, “2016an ere kultura abordatu” lelopean.

Ostiral, larunbat eta igandeko topaketak Txantxarreka eta Letaman gaztetxeetan egitekoak baziren ere, Bulebarreko kioskoan egingo dira azkenean. Piraten kolektiboak euren webgunean azaldu duenez, Gipuzkoa Zutik mugimenduari babesa emateko egin da lekualdatzea.

Hiru eguneko egitaraua antolatu dute. Ostiralean ekingo diote jaialdiari, Joseba Barriolaren hitzaldiarekin. “Piraten mugimendu demokratiko iraultzailea” deituriko solasaldiak XVII-XVIII. mendeetan Atlantikoan bizi zen egoera du aztergai. Horren segidan, jaia eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatzen duen Izan Pirata dokumentala eskainiko dute. Donostiako jai herrikoien mugimenduaren nondik-norakoak azaltzen ditu ikus-entzunezkoak, 80. hamarkadatik gaur egunera arte.

Hurrengo egunetan ere hitzaldiek protagonismo handia izango dute arren, itsasotik apur bat urrunduko dira. Hala, larunbatean, “Herri mugimenduak eta musika eszenak” solasaldia egingo dute, herri mugimenduek euskal musikan duten eragina aztertzeko. Igandean, berriz, herri mugimenduen eta gainontzeko kultura eszenen arteko harremanaren inguruan arituko dira Gazte Danbada, Euskal Herria Zuzenean, Zaharroz Harro eta KA! ekimenetako kideak, Maddi Gallastegiren gidaritzapean.