argia.eus
INPRIMATU
Kantonamenduak berrantolatzeko PSren planak ez ditu Euskal Herriko mugak errespetatzen
  • Ipar Euskal Herriko kantonamenduen berrantolaketarako Alderdi Sozialistak egin duen proposamena kritikatu du hainbat eragilek, ez lituzkeelako Euskal Herriko mugak errespetatuko.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 31
Salbaterra-Bearno eta Nabarrengose Donapaleuko kantonamenduan sartzea proposatu du PSk. Gorriz, kantonamendu berrien mugak. (Irudia: Euskal Herriko Kazeta)

Donapaleu eta Iholdiko lurraldeak Biarnoko Nabarrengose eta Salbaterra Bearnorekin elkartuko lirateke. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidentearen hitzetan, Frantziako Gobernuaren helburua da Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko kantonamenduen artean eremu komun bat sortzea.

La Republique des Pyrinees eta Euskal Herriko Kazeta egunkarien arabera, prefetak azaroaren 15ean aurkeztuko du kantonamenduen berrantolaketarako plana, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian.

2013o maiatzaren 17ko legeak aurreikusten dituen erreformak medio, Frantziako Estatuko kontseilari kopurua erdira jaitsi beharko da, eta horretarako beharrezkoa da kantonamenduak berrantolatzea. Erdira murriztuko dira, gutxi gorabehera. Pirinio Atlantikoetan, esaterako, 52 kantonamendu daude –haietatik 21 Ipar Euskal Herrian–, eta 27ra murriztuko dituzte.

Daniel Olzomendi Udalbiltzako lehendakariorde eta Izurako auzapezak gogor kritikatu PSren proposamena, Kazeta.info-k jaso duen moduan: "Onargarria denaren muga gainditzen ari dira. Euskal lurralde elkargoaren aldarrikapenaren bidea oztopatzeko gogoa agertzen da proiektu horretan".

Auzapezen Biltzarrak, bestalde, "Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatzea" eskatu du.

Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak, Forces 64 alderdiaren izenean, esan du erreforma "lotsagarria", "eskandalagarria" eta ganibetaz mozturikoa dela.

UMPko Max Brissonek salatu duenez, "lehen aldizkotz Frantses iraultzatik kantonamendu euskal-biarnesa izango genuke".