Kantabrian, obra publikoen kontratazioetako ustezko ustelkeria sarean nahasita egoteagatik atxilotu zuten API Movilidad enpresako Jose Luis Blanco, beste hainbat pertsonarekin batera. Enpresa horri, besteak beste, errepideak mantentzeko kontratua esleitu dio Gipuzkoako Aldundiak, 11,3 milioi euroren truke.
Kantabriako Gobernuko Obra Publikoko kontseilariaren kargugabetzea ekarri duen eskandalu politiko eta mediatikoaren oihartzuna, Gipuzkoaraino irits daiteke. Otsailaren 22an Espainiako Poliziak Kantabriako Gobernuko Obra Publikoetako egoitza miatu eta zortzi lagun atxilotu zituen, hango Errepide Zerbitzuetan kontratu publikoak esleitzerakoan egindako ustezko irregulartasunengatik.
Atxilotuen artean zeuden Rucecan, La Encina eta API Movilidad enpresetako ordezkariak eta Kantabriako Gobernuko goi funtzionario bat: Miguel Ángel Díez Errepideetako zerbitzuburua, sarearen ustezko sortzailea. Ikerketaren arabera, honek gezurrezko enpresa bat sortu zuen bere emazte eta alaben izenean, haren bidez enpresa horien mesedeak jasotzeko.
Epaileak sekretua altxa dio sumarioari, eta autoak dioenez, baliteke Díezek 2019tik aurrera 1,4 milioi euro kobratu izana enpresa horiekin elkar hartuta, “fotokopiak” egiteko omen zirenak. Bere etxea miatzerakoan 530.000 euro aurkitu dituzte, baita billeteak banatzeko makina bat ere.
API Movilidad enpresak luxuzko autoen alokairua ordaindu zien, ustez, Kantabriako Errepideetako zerbitzuburu Miguel Ángel Díezi eta bere senideei
Epaileak atxilotuak aske utzi ditu eroskeria eta diru-zuriketa karguekin, Díez izan ezik, espetxeratzeko agindu baitu, diru-zuriketa, iruzurra eta prebarikazioa egotzita.
Gainera, ikerketa zabaldu egin du eta enpresei epe bat eman die abokatuarekin eta prokuratzailearekin azaltzeko Santanderreko 5. Instrukzio Epaitegira –TVEk jakitera eman duenez, funtzionarioari 2003tik 2011ra ere egin omen zizkioten ordainketa ilegalak dozena bat enpresak–.
Api Movilidad, ezaguna Gipuzkoan
Kantabriako ustelkeria sarean parte hartzea egozten dioten enpresatako bat, API Movilidad SA, ezaguna da Gipuzkoan, errepideetako mantenu lanak egiteagatik.
Lurralde horretan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere errepideak konpondu eta mantentzeko lanak egiten ditu enpresa berak, foru erakundeentzat zein udalentzat.
Errepideetako langileek euren Twitter kontuan horren berri ematean piztu dira alarmak.
?La trama de corrupción de Cantabria salpica a #Gipuzkoa.
Uno de los detenidos es el gerente de una de las empresas de mantenimiento de carreteras de la Diputación Foral de @Gipuzkoa@MarkelOlano @a_oiarbide@eajpnvgipuzkoa @PSEGIPUZKOA @ehbildu @guipuzcoanosPP @ElkarrekinDono? pic.twitter.com/e246Qk6eLb
— Zerbitzu Ustela (@zerbitzuustela) March 6, 2023
Jose Luis Blanco Mazagatos da APIren ordezkaria, polizia operazioan atxilotua, hain zuzen. APIk luxuzko autoen alokairua ordaindu zien, ustez, Díezi eta bere senideei, Europa Press agentziak sumarioa aipatuz dioenez.
Gaur egun enpresa horrek Gipuzkoako Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuaren esleipen bat du, gutxienez, eskuetan. Campezo Obras y Servicios enpresarekin Urola-Debaldea aldi baterako enpresa elkartea (ABEE) osatzen du eta eskualde horietako errepideak eta bidegorriak mantendu eta esplotatzen ditu.
2021eko abuztuaren 3an aldundiak bi urtetarako zerbitzuak esleitu zizkion, 11,3 milioi euroren truke, eta hortik gutxira kontratua formalizatu zuten Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek eta Jose Luis Blancok.
Zehazki, kontratuan ageri denez, 2021ean 1,4 milioi euro ordaindu behar zizkion Bide Azpiegituretako Departamentuak ABEE horri, 2022an 5,6 milioi euro eta 2023an 4,2 milioi euro.
Urola-Debaldeak makinariaren arloan egindako eskaintzagatik lortu zuen puntu gehien, eta horri esker irabazi zuen lizitazioa; hala ageri da Kontserbazio zerbitzuburuak sinaturiko balorazioen txostenean (pdf).
Testuinguru horretan, Gipuzkoan errepideak mantentzeko lanean ari diren langileek salatu zuten ABEEak jarritako ibilgailuek ez zituztela baldintza-pleguetan ezarritako gutxienekoak betetzen.
Eraikuntza-enpresen kartelaren parte
Oiarbide eta Blancoren arteko kontratua 2021eko irailaren 6an eta 7an dago sinatua, Eusko Jaurlaritzako Kontratazio Profilaren plataforman ageri denez. Ordurako, jakina zen API Movilidad SA enpresak isun bat jaso zuela Espainiako Lehiaren eta Merkatuen Batzorde Nazionalaren partetik.
Gipuzkoan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere errepideak konpondu eta mantentzeko lanak egiten ditu enpresa berak, foru erakundeentzat zein udalentzat
Abuztuaren 20an, jadanik Urola-Debaldeari zerbitzua esleituta zegoela, egin zuen publiko espainiar erakunde horrek 61,28 milioi euroko isuna jarri ziola dozena bat eraikuntza-enpresari, errepideen mantenu eta esplotaziorako lizitazio publikoetara aurkezterakoan kartel bat osatzeagatik urte luzetan –hain justu APIk jaso zuen isun handiena, 11,8 milioi eurokoa–.
Isun ekonomikoaz gain, enpresa horiei administrazio publikoekin kontratuak egitea debekatu zien Lehiaren eta Merkatuen Batzordeak.
Horren harira, EH Bilduren galdera bati erantzunez, Oiarbidek Batzar Nagusietan argitu zuen isuna jaso zuten hiru enpresari dozenaka lan esleitu zitzaizkiela azken hamar urtetan Gipuzkoan, eta tartean API zegoela.
Bide Azpiegituretako diputatuak emandako datuen arabera, 2011tik gutxienez hamaika kontratu esleitu zaizkio enpresari Gipuzkoan, errepideak mantentzeko, lurralde sareko seinaleak margotzeko edo erreiak egokitzeko.
Kantabriako Obra Publikoetako ustezko ustelkeria sarean inplikatuta egon litekeen Jose Luis Blancorekin eta susmopean den API Movilidad enpresarekin, hortaz, urte askotako lan-harremana izan du Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuak.