argia.eus
INPRIMATU
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei
  • G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 15a
G7ko herrialdeen bilera 2018an. Argazkia: wikipedia.

Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak proposatu dute munduko herrialde txirotuenen zorrak moldatzea, hauek koronabirusaren krisiari aurre egiteko baliabide gehiago izan ditzaten. Helburu horrekin bat eginik, G7ko herrialdeek —Alemania, Erresuma Batua, AEBak, Frantzia, Italia, Kanada eta Japonia— erabaki dute 76 herrialderi kanpo-zorra ordaintzeko beharrak urtebetez atzeratzea. Erabakia G20ak berretsi behar du orain, eta hori egitea espero da. Afrika, Asia eta Karibeko herrialdeak dira zorraren ordainketa atzeratu zaiena: 18.000 milioi euro, orotara.

Atzeratu baino, barkatu

Munduko herrialde txirotuei kanpo-zorra barkatzeko aldarrikapena aspaldikoa da ezkerreko mugimenduen artean. Askotan ordainezina izateaz gain, oinarrian bidegabea dela salatu da hainbat aldiz. Aldarrikapen horrek arnas berria hartu du pandemiarekin, bereziki Hego eta Erdialdeko Amerikan. Besteak beste, Latinoamerikako Geopolitikako Zentro Estrategikoak (CELAG) kanpo zorra barkatzeko sinadura bilketa abiatu dute hainbat eragile eta ezkerreko presidente ohiren babesarekin, milioi bat sinadura lortzea helburu.