Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan ebaluazio diagnostikoak aurreikusten ditu Heziberri planak EAErako eta LOMCEk ere maila horietan kanpo-ebaluazioak zehazten ditu Nafarroarako. Desobedientzia ekintza zehatz bat proposatu du arloko eragile ugari biltzen dituen Hezkuntza Plataformen Topaguneak: 3. mailan (8-9 urteko ikasleak) ebaluazio hori ez egitea.
Horretarako, eskola publiko eta ikastoletako erabaki organoetan (Eskola Kontseilu eta Azterkaritza Kontseiluetan) idatzia banatuko dute masiboki. Denen artean ebaluazioaren kontrako jarrera adostu eta berau ez egiteko konpromisoa hartzea da helburua, eta zenbat eta ikastetxe gehiagotan lortu, hobe. "Dozenaka organo gorenen atxikimendua lortu nahi dugu LOMCEk inposatu nahi digun zentzurik gabeko azterketa hau egin behar ez dezagun", diote.
Azterketa inposatu zentralizatuak
Estandarizazioa bilatzen duten kanpotik inposaturiko ebaluazio zentralizatuak eta uniformeak direla kexu da plataformen topagunea, ikasleak sailkatzea dakartela, ikastetxeak lehian jartzen dituztela (eskolen arteko rankingak sortuz), ikasgai instrumentalak baino ez direla ebaluatzen (hizkuntzak, matematikak eta zientziak)...
Lehen Hezkuntzako zuzendariak biltzen dituen Sarean elkarteko kide Iñigo Salaberriak esana da: "Ikastetxeko jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan egindako bilakaera metodologiko pedagogikoa kaltetuko luke”.
Horregatik, kanpotik erabakiko ez diren "gure ebaluazio propioak izateko eskubidea" aldarrikatu dute Hezkuntza Plataformen Topagunetik, ikasleen ebaluazio jarraia, ikaskuntza prozesu osoa eta aniztasuna aintzat hartuko dituena eta ikastetxeen barne ebaluazioa hobetzeko balioko duena.