argia.eus
INPRIMATU
Kanpo azterketen “negozioa” salatu eta baliorik ez dutela esan du Steilasek
  • Ebaluaketak "merkatu eta politika neoliberalen menpe" daudela kritikatu du sindikatuak eta proba "jarraitu eta hezigarrien" aldeko dokumentua aurkeztu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko urtarrilaren 18a
Argazkia: Raul Lopez eta Amaia Zubieta Steilaseko kideak, prentsaurrekoan

LOMCEk eta PISAk "sistema uniformatzea eta merkatu ekonomiaren politika neoliberalen zerbitzura jartzea dute helburu", Amaia Zubieta eta Raul Lopez Steilaseko kideen aburuz. LOMCEren kontrako "batasuna" egon dela deritzote, baina PISAri, ordea, "gero eta garrantzi gehiago" ematen zaiola. "Bere helburua da herrialdeak alderatzea eta sailkatzea. Zalantzan jartzen ditugu bere balioa errealitate eta hezkuntza sistema oso ezberdinak alderatzen baitituzte. Ebaluazio hau testuingurutik at egiten da, ebaluatzen duen hezkuntza komunitatearen ezaugarriak kontuan hartu gabe eta beraiekin (gurasoak, ikasleak edota ikastetxeak) adostu gabe".

Era berean, "kezka" azaldu du sindikatuak, hezkuntza "negozio" bihurtzen ari delako. "Estatu espainiarrean hezkuntza sistemako zati asko pribatizatu dira: jangelak, garbiketa eta garraioa. Kudeaketa, prestakuntza, aholkularitza eta ebaluazioa ere pribatizatzen ari dira –azken hau merkatuarentzat helburu gutiziatsua izanik–".

Ebaluazioaren beharra agerian

"Ebaluazio mota guztiak", hau da, "ikasleenak, irakasleenak edota sistemarenak, beharrezkoak" direla uste du sindikatuak, baina "egokiak" izan behar dutela: "Irakasleen ebaluazioa irakaskuntza jardunari buruzko gogoeta kolektiborako tresna izan beharko litzateke eta prestakuntza jarraituarekin hertsiki lotuta egon beharko luke". 

Hala, "ikasleen ebaluazioa jarraitua, osotua eta prestakuntzazkoa izan beharko litzateke eta irakasle talde osoak eta ikasle guztiek parte hartu beharko lukete". 

LOMCE eta Heziberriren ebaluazioek baldintza horiek bete ezean, "desobedientziarako deia" egiten jarraituko du Steilasek.

 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta