argia.eus
INPRIMATU
Kanpo-azterketei planto egiteko estrategia diseinatzen
  • Ikasturte honetan ere, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako kanpo-azterketei planto orokortua egitea da Hezkuntza Plataformen Topagunearen asmoa, eta horretarako estrategia diseinatu dute, Gasteizen egin berri duten asanbladan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko urtarrilaren 18a

Iaz, LOMCEk agindutako kanpo-azterketak egin zituzten Nafarroan. EAEn, Eusko Jaurlaritzak proba pilotua jarri zuen martxan 30 ikastetxetan: Cristina Uriarte sailburuak gogoratu zuen 3. eta 6. mailako azterketak ebaluazio diagnostikoak direla EAEn eta ez errebalidak (LOMCEk dioen moduan), baina Madrildik diseinaturiko proba horiek LOMCEren aplikazio urardotua direla uste du askok eta 14 ikastetxe publikotan eta 2 ikastolatan planto egin zieten. Kristau eskolako 13 ikastetxetan eta ikastetxe publiko batean lortu zuten azterketa egitea.

Plantorako, beste hainbat arrazoiren artean Hezkuntza Plataformen Topaguneak argudiatu du azterketa hauek ez dutela hezkuntza komunitatearen babesik, LOMCEren baitako azterketak direla, ikasleak zenbaki huts bihurtzen dituela, euren sailkatzea eta banaketa ahalbidetuz, eta eredu antipedagogikoa dutela oinarri.

Hemendik aurrera, eragileek hitzaldi informatiboak eskainiko dituzte ikastetxe, auzo eta herrietan; familiak “objektore” bilakatu nahi dituzte, plantoa egin dezaten; eta Eskola Kontseilu eta Azterkaritza Kontseiluetan kanpo-azterketen kontrako idazkia onartuko dute.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere deia luzatu diete Topaguneko hezkuntza eragileek: ez ditzatela azterketa hauek aplikatu, eta elkarlanean herri gisa planto egin diezaiotela LOMCE legeari.