argia.eus
INPRIMATU
Kanpezuk Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egin du
  • Udal Batzarrean Kanpezuk nazioarteko BDZ kanpainarekin bat egitea onartu du, ondorioz, Araban Israelgo "apartheid erregimena" modu ofizialean errefusatu duen lehenengo Udala izan da.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko ekainaren 09a

Kanpezu izan da BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainari atxikimendu ofiziala adierazi dion Arabako lehenengo Udala, Kaixo talde independientearen bozkekin (5 zinegotzi) eta EAJkoekin (4 zinegotzi). "Ondorioz, udalerriak Israelgo erakundeekin, haren ordezkariekin zein haren apartheid politikak sustatzen dituzten erakunde edo norbanakoekin balizko edozein harreman eten eta galerazi egin du, dela arlo administratiboan, dela ekonomia arloan, dela kultura arloan". Gainera, datozen egunotan Israelek Espainiar estatuan duen enbaxadari mozioaren emaitza bidaliko diotela iragarri du Kanpezuko Udalak.

 Ildo horretan, azken asteetan eskualdeko eragile ezberdinek prestatutako egitarau zabala gauzatu dute Mendialdean, Palestinako egoera eta BDZ mugimenduaren ibilbidea auzotarren artean gizarteratzeko. Hamaika ekitaldi prestatu dituzte eta ekainaren 10ean, esaterako, bukaerako jaialdia egingo dute. Egunotan ere Palestinari begira argazki erakusketa ikusi ahal izango da Kanpezuko Gure aretoan.

BDZ mugimendua

BDZ mugimendua (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) 2005ean jarri zuten Palestinan abian, eta 80ko hamarkadan Hego Afrikako apartheid erregimenaren aurka antolatutako nazioarteko boikot kanpaina du eredu. Okupazioaren amaiera eskatzen dute; apartheid harresia bertan behera bota eta errefuxiatuei jaioterrira bueltatzeko eskubidea bermatu arte lan egingo dutela jakinarazi dute.

 

 

 

Palestinarekiko elkartasun eguna antolatu dute ostiralerako

 

 

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa alea.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra)