Gizarte-zerbitzuetan lan duina eskatzeko egin dute hiru eguneko kanpaldia zahar-etxeetako langileek asteburuan Bilbon, Arriaga antzokiaren alboan jarritako karpan.
“Kanpaldia aprobetxatu nahi dugu eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari eta sektoreko patronalei gure eskariei erantzuteko, plantillak handituz, lan-kargak gutxituz eta lan-baldintzak hobetuz. Lan-baldintzak oraintxe bertan hobetu behar dira, langileei eta erabiltzaileei bizi-kalitate duina bermatzeko”, adierazi du ELA sindikatuak.
Hamabost hilabete daramatzate langileek greban, eta dagoeneko 200dik gora lanuzte egin dituzte. Oraingoan aldarrikapena kalera atera eta herritarrei beren gatazkaren berri emateko baliatu dute kanpaldia. 1.200 euroko soldata, asteko 35 orduko lanaldia eta igandeko plusa igotzea dira, besteak beste, grebalarien eskakizunak, Ainhoa Menendez grebalarien ordezkariak adierazi duenez.
Gizarte eragile eta norbanako bat baino gehiago gerturatu dira Arriagara asteburuan babesa ematera. Bertan izan dira Irantzu Varela eta Josebe Iturriotz militante feministak, Babestu zahar-etxeetako erabiltzaileen senideen elkarteko kideak, EH Bilduko ordezkariak, esaterako, eta ekitaldietan parte hartu dute Bernardo Atxagak, Garik, Puro Luegok edo Las Kapritxosas clown taldeak.