argia.eus
INPRIMATU
Kanpainaren “tenperatura jaisteko” eskatu du Bidenek, dena bere aurka doanean
  • Trump tiroz zauritu dute larunbatean, kanpainako mitin batean. Atsedenerako hiru egun hartu ditu, gaur arte. Biden jada hiru aldiz agertu da komunikabideen aurrean, aurkariaren aurkako atentatua salatzeko. Azken adierazpenean kanpainaren erritmoa moteltzeko mezua luzatu du; mesede egiten dio berari ere.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 15a
Prentsaurrekoa eskaini du Bidenek egunak argitzen ari zuenean Euskal Herrian.

Euskal Herrian larunbatetik iganderako gauean jazo zen Donald Trump hautagai errepublikanoaren aurkako atentatua, AEBetako Pennsylvania estatuan. Belarrian tiro egin zion frankotiratzaile batek, baina aurpegia odolez zikinduta eta besoa altxatuta, modu ikoniko horretan despeditu zen Trump bere jarraitzaileez. Gutxienez bi pertsona hil dituzte tiroketan; entzuleen artean zegoen Trumpen jarraitzaile bat eta tiroketaren ustezko egilea, 20 urteko gaztea. Munduari bira eman diote Trumpen irudiek, eta erreakzioak zientoka izan dira, babesa ematen gehien-gehienak, konspiratzaileak besteren batzuk; ez dira gutxi iradoki dutenak Trumpek berak faltsututako ekintza politikoa izatea. Astelehen honetara arte hitzik ez egitea erabaki du Trumpek; Bidenek, aldiz, dagoeneko hiru aldiz gaitzetsi du erasoa.

The New York Times egunkari ezaguna liveblogging formatuan edo minutuan minutuko informazio laburrean jasotzen ari da atentatuaren ostekoak bere webgunean. Zera dauka nabarmenduta: Joe Biden presidentearen minutu eta laurdeneko diskurtso zatia, "Bidenek nazioari eskatu dio tenperatura jaisteko" titularrarekin. "Ezin dugu gainbehera bide honetatik gidatu Amerika", esan du Bidenek, eta "indarkeria oro" gaitzetsi du.

Biden, ataka estuan

Dena oso azkar doa gizarte honetan eta Gorka Bereziartuak Ezetz Astea Ondo Bukatu saileko azken artikulu honetan esan duen moduan, magnizidio-saiakerak ere sareetako eduki-ekoizleen logikaren menpe daude jada, kultura digitalak historiaren adarrak gurinez igurtzi dituen garaian. Horri aurrea hartzen ahalegindu zaio Joe Biden AEBetako presidente eta demokraten –momentuz– presidentegaia, baina hormaren aurka bezalaxe hitz egin du. Akaso horixe nahi zuen. Azkenaldian bezalatsu, bere hizkeraren trakeskeriari eta balizko lapsusei gehiago erreparatu die entzulegoak, edukiari baino gehiago. Baina, era berean, pare bat ekitaldi publiko bertan behera uzteko balio izan dio; test batzuk gutxiago bere osasuna eta presidente izaten segitzeko kapazitateak erakusteko orduan.

Ez da erratu astelehen goizaldean emandako diskurtsoan; ez du bistako akatsik egin esaldiz esaldi, eta Trumpi ez dio "Errusiako presidente" edo antzekorik deitu, Ukrainako presidente Zelensky Putin deitu zuenean bezala. Erratuta, jakina. Zelenskyk komunikabideen aurrean garrantzia kendu zion, "nahi gabeko zerbait" izan zela eta, "ahazteko" eskatu zuen, eta akats horrek ez zuela "agenda markatu behar". Egin beharrekoa eginda zegoen, ordea. Mundu osoaren aurrean irrigarri geratu zen Biden, beste behin, mundu osoak baitaki buru-osasuneko arazoak dituela, adinak nabarmen eraginda. 81 urte ditu Bidenek, eta hiru gutxiago baino ez Trumpek; baina bata bestea baino okerrago dagoela –osasunez; "pitzatuta" egoten akaso Trumpek irabaziko luke– begien bistakoa da.

Halere, Errusiako Gobernuak ipini zion zer pentsatua ematen duen azken hitza: esan zuen "onartezina" eta "desegokia" dela estatuburu batek "errespetugabe" hitz egitea beste estatuburuez... norentzat "onartezina"? Errusiarrentzat ala mundu osoarentzat?

Gero eta gehiago dira Bidenen osasuna zalantzan jarri eta hautagaitza kentzeko eskatzen dioten pertsonak, baina bera, momentuz, eusten ari zaio horri. Fokua desbideratuta dagoela dirudiela, "pausa" txikia hartzea hartzea luzamendua eskatzea moduko zerbait izan da.