Brebeta eta baxoa euskaraz egiteko eskubidea borrokatzen duten Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasleek jaso dute 2023ko kanpainaren saria. Haien borroka herrigintzak eta euskalgintzak beharko duen belaunaldi berriarentzako sekulako eskola delako, eta gazte eta helduek elkarrekin hamaika ekintza egiten dituztelako eman diegu saria, besteak beste.
Mañolo Espellet, Araitz Echegaray eta Maialen Harispuruk jaso dute saria, Azterketak Euskaraz kolektiboko ikasle, irakasle eta gurasoen izenean.
Honengatik saritu du Azterketak Euskaraz kolektiboa ARGIAk:
"Garaipenak behar izaten ditu mugimendu batek ilusioz aitzina egiteko. Lorpenik gabe nekeago izaten da denboran irautea; beti bada indarberritzearen eta indar berrien erakartzearen kezka.
Badirudi sariztatzera goazen horiek ez dutela arrangura hori. Badirudi haiena, ardo onaren gisara doala urteen bortxaz onduz…
Urte luzeak dira, alta, lortu gabeko helburu izaten segitzen duela haienak, eskubide behar lukeenak, legeak babesturiko urraketa izaten segitzen duela. Baina aitzina doaz, irudimentsu, koloretsu, irritsu eta erradikal.
Bihar eta etzi, herrigintzak eta euskalgintzak beharko duen belaunaldi berriarentzako sekulako eskola da. Gaztetxoak ditu lehen lerroan, ondoan dituztelarik haien guraso eta irakasleak. Okupazioak, desobedientziak, giza-kateak, petizioak: irakaspenez beteriko borroka-esperientzia dute".
Entzun sarituen hitzak:
Azterketak Euskaraz kolektiboarentzat izan da kanpaina onenaren Argia Saria. Araitz Etxegarai, Maialen Harispuru eta Mañolo Espelleten hitzak dituzue hemen entzungai. #argiasariak pic.twitter.com/TyOKB3CYJV
— ARGIA (@argia) January 27, 2023