Amaitu da kanpaina, ERCk Estremerako espetxean, Puigdemontek Bruselako kroma batean eta Ciudadanosek Bartzelonako Nou Barris auzoan. Orain itxarotea geratzen da.
Karta guztiak mahai gainean jarri dituzte alderdiek. Parte hartze altua espero da hauteskundeetan, 5,5 milioi herritar daude bozkatzera deituta eta zalantzarik gabe, azken hamarkadetako kanpainarik arraroena izan da. Inkesten arabera faborito diren hiru hautagaitzetatik bitako zerrendaburuek ezin izan dute kanpainan parte hartu normaltasunez.
ERC eta JxCat aurrez aurre
ERCko zerrendaburua, Oriol Junqueras, Estremerako espetxean dago. Espetxe atarian egin zuten bart ekitaldia errepublikanoek. Kartzelaren aurrean zain zituzten eskuin muturreko zenbait militante, “Espainia ez da errenditzen” ageri zen pankarta bat eskuetan zutela. Junquerasen figurak ERCren kanpainan zentraltasun handia izan du. Ez da ahaztu behar kanpaina espetxe batean hasi zutela errepublikanoek eta amaitu ere hala egin dutela. Euren esanetan, “Junqueras kartzelatik ateratzeko modua berau presidente egitea da”.
Puigdemonten alderdiak berriz Bruselako kroma batetik “mega mitina” antolatu zuen. Katalunian zehar dozenaka lekutan Puigdemont presidentearen hitzaldia proiektatu zuten. Sarean zehar ere igorri zuten ekitaldia. Mezu argia eman zuen Generalitateko 130. presidenteak: “155aren presidenteak irabazten badu, gure burujabetza Mariano Rajoyri oparituko diogu”. Junts Per Catalunyak 2015eko irailaren 27ko hauteskunde legitimoen ondoren ezarritako gobernua jarri nahi du indarrean berriz. Presidentearen gaiak eztabaida sortu du, nolanahi, ERC eta JxCaten artean. ANCk adierazi du Puigdemont onartuko duela soilik presidentetzat.
Ciudadanosek berriz independentismoaren aurkako botoa “pilatzeko” deia egin du. Inkesten arabera, hauteskundeak irabazteko faboritoetako bat da. Ikusi beharko da ordea, PSCren elkarrizketarako eta moderaziorako deiak, independentziaren aurkako zenbat erakartzea lortzen duen, Ciudadanosi botoa emango lioketenen artetik. PPk emaitza txarrak espero ditu, bozka emango lioketen askok alderdi laranjaren aldeko apustua egingo baitute.
Ezkerreko botoaren dema
CUPek errepublika eraikitzen hasteko deia egin die alderdi independentistei. Antikapitalistek argi adierazi dute ez daudela prest marko autonomiko bat kudeatzeko, eta independentziaren aldeko bidea “aldebakarreko” bidea izan behar dela. Albano Dante Fachin Podemeko idazkari nagusi ohia ere ikusi dugu CUP eta ERCren ekitaldietan. Baina zenbat boto ekarriko ditu sektore honek independentismora?
Bi jarreren erdian daude En Comú Podemeko kideak. 155.artikuluari ez eta independentziari ez. Erreferendum hitzartuari bai, baina erreferenduma hitzartzeko borondaterik ez dagoenez, “itxaron guk Espainia aldatu arte”, dirudi sektore horren mezuak. Xavier Domenech zerrendaburuak, Ada Colau Bartzelonako alkatearekin eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin batera itxi zuen bart ekitaldia, “hirugarren bidea” aldarrikatuz. Hauteskundeen ondoren, gobernua osatzeko negoziaziotan pisu handia hartu lezake alderdi honek, blokeen arteko bisagra baita. Ez dirudi ordea eserleku asko lortuko dituenik. Hori 21eko gauean jakingo da.