argia.eus
INPRIMATU
Kanpaina “antikontsumista” Itzubaltzetan: doako azoka
  • Gabonetako kontsumoari aurre egin guran, doako azoka antolatu du Getxoko Itzubaltzeta/Romo auzoko Matraka gazte asanbladak. Hala, norberak erabiltzen ez dituen gauzak Etxe Merkean uzteko deia egin dute, ondoren egingo duten azokan behar duenak behar duena har dezan.

Hiruka .eus 2018ko abenduaren 13a

Itzubaltzeta/Romoko Matraka gazte asanbladak kanpaina "antikontsumista" bat abiatu du. Gabonen atarian gaude, eta horregaz batera kontsumoaren garaia, opariak eta edozelako gauzak erosteko egunak. Hala ere, krisi ekonomikoak eraginda, badago etxera zer eraman ezin duen jendea. Horiei laguntza eskaintzeko, doako azoka bat antolatu dute gazteek. Ideia da daborduko norberak erabiltzen ez duen arropa, jostailu edo tresnak uztea, behar duenak horiek har ditzan.

Hala, gura duenak gura duena utz dezake Ezekiel Agirre 14 zenbakiko Etxe Merkean dagoen kutxa batean, abenduaren 17ra arte. Ondoren, abenduaren 17tik 23ra bitartean, jasotako denagaz azokatxoa egingo dute, 18:00etatik 21:00etara, behar duenak behar duena eraman dezan.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, utzitako gauzak kutxan sartzen ez badira, deitu telefono honetara: 672 718 602.

 

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.