argia.eus
INPRIMATU
Kanpaina abian da, ziurgabetasuna eta giro nahasia
  • Frantziako presidente izateko hautagaiak hamaika dira. Hala ere, hedabideek eta inkestek bost baino ez dute Eliseo Jauregian maizter izateko aintzat hartzen. Bigarren itzulirako, berriz, hiru dira hautagai nagusiak: Marine Le Pen, Emmanuel Macron eta François Fillon.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko martxoaren 24a

Kanpainaurrea latza izan da. Presidentea hautatzeko lehen bozketarako hogeita hamar egun falta dira orain. Kanpaina indarrez hasi da. Joan den astelehenean, hamar miloi lagunak segitu zuten bost hautagai nagusien arteko lehen eztabaida –telebista kate publiko nagusitik–: Marine Le Pen, Emmanuel Macron, François Fillon, Benoît Hamon eta Jean-Luc Mélenchon aritu ziren.

Badaude ordea beste sei hautagai: Jean Lassalle, Philippe Poutou, Nathalie Arthaud, Jacques Cheminade eta Nicolas Dupont Aignan. Aurreko hautagaien “disidenteak” dira nolabait. Hauek kexu dira, diotenez, hedabide indartsuek orkestratu baitute kanpaina, baita inkestak “erabili” ere hautagai indartsuen alde.

Inkesten arabera, Le Penen eta Macronen aldeko bozen intentzioa %25en inguruan daude. Fillonenak %20an. Hamon eta Mélenchonen aldekoak %13an. Gainerakoei, bozen % 1-3 emate diete.

Ezbaiak, mamuak eta etsipena antzeman dira kanpaina aurrean. Kanpaina modu ofizialean hasi denean, kanpainak herritarren %50 baino ez du arreta bereganatu.

Kanpaina aurre-kanpainaren ildo berean abiatu da: Penelopegate edo Fillon auziak hartu zuen kanpainaren erdigunea. Inputatuta dago diru publiko modu fikzio eta okerrean erabiltzeagatik. Le Pen eta Macron-i ere diruaren erabilpen okerra egotzi diete justiziatik. Horiek gutxi balira, kanpaina hasi eta Bruno Le Roux Barne ministroak dimisioa eman behar izan du. Fillon-en kasu berarengatik inputatua izan da bera ere.

Kanpainan hautagaien programak areago ezagutzea espero zen, hau da, debatearen bidez hobeto azaltzea bakoitzaren egitasmoak. Hamonek Errenta Unibertsala proposatu du, baina ez da ongi zehaztua. Macronek Etxebizitza Zerga kenduko duela esan du. Nola baina? Fillonek 35 orduko lanaldia 39ra igo nahi du. Nola baina? Hautagai bakoitzak sistema publikoetako lanpostuak nahi ditu berritu, bakoitzak bere gisara, baina ez dago zehazpenik. Ekonomia krisitik ateratzeko hautagai bakoitzak proposatzen duena argitzea eskatzen dute kanpaina jarraitzen duten herritarrek. Hauen ustez, Europako egoera larriaren testuinguruan –arazo ekonomikoak nahiz geopolitikoak, immigrazioa eta islamismo fundamentalistaren gaia– egin beharreko politikek eztabaida gehiago exijitzen dute. Kinkan dagoen Europaren aurrean diskurtso “indartsuena” Marine Le Penena da, ez horregatik  “gardenena”.  

 

Kanpaina hasi eta polarizazioa hasi da gailentzen. Hautagai nagusien etsai komuna Le Pen da. Hasieran honen aurkari irmoena zen Fillon, ahul dago.  Macron, berriz, boz baliagarriaren biltzaile bilaka daiteke

Kanpainan polarizazioa hasi da gailentzen. Hautagai nagusien etsai komuna Le Pen da. Hasieran honen aurkari irmoena zen Fillon ahul dago. Macron, berriz, boz baliagarriaren biltzailea bilaka daiteke.

Azkenik:

– François Fillon, bilera publiko batean parte hartuko du arratsaldeko 6etan, Miarritzeko Irati Hotelean. Kolektibo antifaxista batek LReko Fillonen aurka manifestatzera deitu du.

– Bestalde, FNeko Marion Maréchal Le Pen diputatuak apirilaren 11rako iragarria zuen bilkura publikoa Baionako Napoleon aretoan. Aretoaren kudeatzaileek ukatu diote sarrera. Edonola ere, Fronte Nazionaleko edozein ekitaldiren aitzinean, Ipar Euskal Herriko elkarte, kolektibo eta sindikatu ugarik kontrako manifestazioak iragarri dituzte.