argia.eus
INPRIMATU
Kanbon 94 etxebizitza eraiki nahi dituen promotorearen bulegoa lurrez estali dute
  • Ostia kolektiboko kideak Bouygues higiezin-agentziak Angelun duen bulegoan sartu dira larunbatean, salatzeko promotore horrek 94 etxebizitza eraiki nahi dituela Kanbon, Marieniako laborantza lurretan. Proiektuaren maketa eta ingurua lurrez eta lastoz estali dute.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 19a

Bouyguese Immobilier-ren proiektuak –Kanboko Herriko Etxearen onespena duenak– lau hektarea hartuko lituzke. "2014tik borrokatzen ari gira lur horien salbatzeko", diote "espekulazioari eta lurren artifizializazioari erantzutea" helburu duen Ostia mugimenduko kideek, larunbateko ekintzaren harira plazaratutako bideoan.

Urteotan hainbat mobilizazio egin dituzte Marienia ez Hunki plataforman biltzen diren eragileek, manifestazioak eta okupazioak tarteko. Hain justu, Marienian lanak hasten badituzte blokatu egingo dituztela adierazi dute Ostiako kideek. Angelun egin duten ekintza "Marienia ez eraikitzeko abisua" izan dela adierazi du ekintzaile batek, Kazeta.eus-ek jaso duenez: "Baldin eta egun batez Bouyguesek Marienian obrak hasten baditu, gaur maketarekin egin duguna egingo dugu xantierrean".

"Porlana botatzen badute Marienian guk lurra ezarriko dugu, eta proiektu horrekin tematzen badira, guk lanak blokeatuko ditugu, xantierra oztopatuz", ohartarazi du beste ekintzaile batek.